Hibernaziotik atera eta hilabetera hasten da, gutxi gora-behera, animalia honetan araldia. Urteko kumaldi bakarra izan ohi dute, 3-10 kumez erditu ahal badira ere, oro har, 5-6 kume izaten dituztelarik. Erditzea 30-32 egunez irauten duen ernaldia eta gero ematen da eta iraileko lehen asteetan gertatzen da. Jaioberriak 1-2 g izan ohi dute, batere ilerik gabe jaiotzen dira eta lehenengo 5-6 asteetan amaren esneaz elikatuko dira soilik. Jaio eta 5 egun igarotakoan kanpo belarriak hedatzen zaizkie, 12 egunetara barne belarriko kanpo entzunbidea irekitzen zaie eta 21 egunetara, azkenik, betazalak banandu. Ia bi urte behar izaten dute jaioberri hauek heldutasuna lortzeko.
Ugal sasoian zehar, uztailean orokorrean, emeek beraien uzki aldea lurraren kontra igurzten dute, usain markak utziz honela. Arrek, marka hauei jarraiki, emearen bideari jarraitzen diote, aldi berean, emeak utzitako arrastoaren gainean beraiena utziz. Arrasto hauetaz gain, soinu bidez ere uzten dute agerian muxarrek beraien ugal gogo edo disposizioa. Honela, arrek, emea jarraitzen duten bitartean, soinu karrankariak sortzen dituzte eta hasiera batean behintzat, emeek jarrera defentsiboa eta aurkaria hartzen dute, arrari horzka egitera iritsi daitezkeelarik.
Kopula eman eta gero, emeak habia prestatzen igarotzen du bere denboraren zati handi bat. Oro har, habiak ez dira lurrean kokatzen (noiz edo noiz ikusi izan bada ere), zuhaitz-enborretan aurkitzen dituzten zuloak erabili ohi dituztelarik honetarako. Ilea eta lumak dira hostoekin batera habiak eratzeko gehien erabiltzen dituzten materialak.