Izurde muturmotza

Grampus griseus

Pilotu izurdeen taldearen barruan sailkatzen da Gramnus griseus. Talde hau tamaina handiko izurdeak osatzen dute eta bekoki konkortuak bereizten ditu beste izurde talde batzuengandik. Bizkar-hegatsa erdi-erdian izaten dute izurde muturmotzek, eta ezaugarri adierazgarrienetariko bat azala orbainez beteta edukitzea izaten da. Ez dugu maiz gure kostaldetik hurbil ikusiko, ur sakonagoak nahi izaten dituelako. Arrazoi berdina dela eta, ez dago espezie honen inguruko ezagumendu askorik.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Cuvier, 1812
Estatusa: lc

Deskribapena

Izurde muturmotzak gorputz sendoa  eta globo-formako buru luzanga du eta, ez du moko-itxurako muturrik. Gorputzaren kolorea adinaren eta zaurien arabera alda daiteke: jaiotzean gris argiak dira, baina, geroago, gris urdinxkak, marroi grisaxkak edo ia zuriak izan daitezke. Eztarrialdea eta sabelaldea zuriak dira. Orbain asko dituzte gorputzean, arrek batez ere, beste izurde muturmotz batzuek edo zefalopodoek eraginda.


Helduek 3 eta 4 metro bitarteko luzera izaten dute batez beste, eta arrak pixka bat handiagoak izaten dira emeak baino. Pisuari dagokionez 680 kg inguru izaten dituzte arrek, eta emeak apur bat lirainagoak dira. Hortzeria oso murriztuta daukate, 3 -7 hagin bitartean beheko barailan, eta kasu gutxi batzuetan beste bat edo bi hagin bestigial goiko barailan. Bizkar-hegatsa altua da (50 cm inguru), puntazorrotza edo biribila da, eta bular-hegatsak luzeak, igitai-formakoak eta puntazorrotzak. Isats-hegala zabala da, eta mutur puntadunak eta erdiko hozka ditu.

Antzeko espezieak

Globicephala melaena

Izurde muturmotza (Grampus griseus) Pilotu izurde hegaluzetik (Globicephala melaena) itsasoan bereizteko tamainan erreperatu behar da, izan ere Izurde muturmotza apur bat txikiagoa da, eta hegats dortsala altuagoa eta zorrotzagoa du. Gainera globo-formako burua  ez du hain irtena Pilotu izurde hegaluzea bezala.

Banaketa

Espezie honen banaketa mundu guztiko eskualde epel eta tropikaletako itsasoetan ematen da, 60º Ipar eta Hegoalderarte. Atlantikoko iparraldean ohikoak dira Newfoundland-en (Novergia), Shetland uharteetan, Irlandan, Bizkaiko golkoan, Azoreetan, Antilla Txikietan eta Mediterraneoan. Seguruenik urtaroen araberako banaketak ematen dira, banaketa arearen Iparralderantz mugituz udan eta Hegoalderantz neguan.

Habitata

Izurde muturmotzak bizi diren uretako sakonera 1000 metro ingurukoa izaten da batez beste eta, 4,5 eta 28 ºC bitarteko tenperatura artekoa. Espezie pelagikoa da, eta kontinente-plataformako ertzetan eta itsaspeko arroiletan bizi da. Kostara hurbiltzen da, baldin eta kontinente-plataformako ertza kostatik gertu badago bakarrik.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Bere hortzeria murriztua adierazten duenez, bere dieta zefalopodo desberdinetan oinarritzen da batik bat, batez ere txibia (Loligo vulgaris) mesopelagikoetaz. Oso arraroa da arrain txikiez edo krustazeoz elikatzea.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa zikloari buruzko existitzen diren datuak oso eskasak dira espezie honetan. Atlantikoan, kumeen jaiotza aldia neguan kokatzen dela dirudi baina Mediterraneoan udan ere ikusi dira kumaldiak. Haurdunaldia 13-14 hilabete bitartekoa da. Izurde muturmotz gaztea jaiotzerakoan 1,50 metro inguruko luzera dauka(Casinos y Filella, 1994; Kruse, et al., 1998; Evans y Stirling, 2001). Heldutasun sexuala 11 urte inguru dituztenean lortzen dute, jaiotzen arteko tardea 2,4 urtetako dela badirudi eta emeek 38 urterarte dira gai ugaltzeko. Jaioberrien arteko biziraupen tasa nahiko handia da.

Bizimodua

Espezie taldekoia da, 12 ale inguruko taldeak eratzen ditu, baina ehunka eta milaka banako ere elkartu daitezke. Taldeak denboran iraunkorrak dira eta sexu eta adinean oinarrituta, ar helduen taldeak eta eme helduen taldeak bereiziz (Hartman et al., 2008). Jauziak egin, hegal-kolpeak jo eta abar egiten ditu. Itsasontziaren alboan igeri egitea gustuko du, baina gutxitan jostatzen da brankako olatuarekin. Ekolokalizagailuekin jasotako datuak elikagaiak gauean bilatzen dituztela adierazten dute, eta murgilketak normalean 6 minutu baino gutxiagokoak dira, nahiz eta 10 minututara ere heltzen diren.