Zeozer jokatuko nuke zuk zeuk, zeuri hari natzaizu bai irakurle, bizi zaren lekuan bertan nahiz inguruko herri edo auzotxoren batean, urtero apiril hasierako lehen eguzki printzekin batera Euskal Herriko ia txoko guztietan hasten den ikuzkizun paregabeaz zeure begiekin zuzenean gozatzeko betarik izan duzula. Zertaz ari naizen? Bada, urtero-urtero negua Iberiar penintsula hegoaldean zein Afrikan pasa ostean, uda hasieran eguraldi onarekin batera milaka eta milaka enara gure zelai, baserri, haran, mendi eta kaletara itzultzen dira. Zelai ondoan nahiz kale eta eraikin artean gora eta behera gira-biraka, lehen enarek Euskal Herriko zerua kantu zaratasuz eta bizitasunez betetzen dituzte eta hau bihotz askoren pozgarri da zalantzarik gabe. Hala ere, Euskal Herrian bertan lau enara espezie ezberdin dagoenik ez daki makina batek eta idatzitxo honen bidez, Euskal Herrian bizi den enara espezie arrunt eta ezagunenari begiradatxo bat emango diogu, betidanik hain ezaguna izan den hegazti honengana zertxobait gehiago hurbilduz.
Enara arrunta
Hirundo rustica
Phyluma: Chordata
Klasea:Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Hirundinidae
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Deskribapena
Enara ezagunena dela esan dut lehen ere eta hau hein batean behintzat duen itxura bitxiagatik da zalantzarik gabe. Izan ere, hego luze eta zorrotzek edota isats oso nabarmenki bifurkatuak azkar salatzen du enara arrunta hegaldian, begirik ezjakinenarentzat ere ez delarik misterio hegazti hau ezagutzea. Hankak beltzak dira, disdira urdinkara batez estaliak. Bularraldea, berriz, bizkarraldeko kolore beltza bi aldetatik lotzen duen eraztun batek estaltzen du, eta mokoaren inguruak, lepoa nahiz bekokia tono gorri odolkara batekoak dira…
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik