Hegoaldeko zuhaitz-igela

Hyla meridionalis

Hegoaldeko zuhaitz-igela, igel txiki eta polita dugu, izenak dioen moduan Europako hegoaldean zehar banatzen dena. Zuhaitzetan bizi da eta zuhaitz-igel arruntaren antzekoa den arren, honen albo-marra sudur aldetik aurreko hanketaraino baino ez da iristen. Tamalez, Euskal Herrian desagertzear dagoen espezia dugu eta Mendizorrotz mendira eta Hazparnera mugatuta daude gelditzen diren populazioak.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Boettger, 1874
Estatusa: lc

Deskribapena

[embed]http://www.youtube.com/watch?v=jheaJzs6n0w[/embed]

Larba:

Zapaburuek 3-9 mm inguruko tamaina dute jaiotzean. Uretan hiru-lau hilabete pasatzen dituzte eta 50 mm-rarte hazi daitezke. Sabelalde esferikoa dute, urre koloreko begiak aldeetan eta elkarrengandik nahiko bereizita eta isats oso luzea, bizkarralderaino luzatzen dena gandor moduko bat eratuz. Hala ere, ez da oso gandor altua izaten eta begien altueran txertatzen da. Beste zapaburuetatik bereizten dituen ezaugarririk garrantzitsuena isatsean dituzten bi lerro beltz oso nabariak dira.

Heldua:

Zuhaitz-igelak txikiak dira, arrak 50 mm-rainokoak eta emeak 65 mm-rainokoak. Burua tentea dute, luze baino zabalagoa, muturra laburra eta biribildua. Begiak alboetan eta kanporatuta dauzkate, niniak argitan horizontalak diren arren, ilunpetan zabaldu egiten dira. Irisa urre kolorekoa da. Tinpanoak begiaren diametroaren erdikoak, oso nabarmenak dira. Aurreko hanketan lau behatz dituzte eta atzekoetan bost, guztiak disko itsaskorrez hornituta, eta hauei esker eroso ibil daitezke sastraketan, kainaberatan zein zuhaitzetan. Aurreko hatzetako disko itsaskorrak handiagoak dira. Nahiko liraina da eta hanka luzeak ditu, azal leunarekin. Bizkarraldea berde kolorekoa da, tonalitate horiekin batzutan eta kolore aldaketa fisiologikoa burutu dezake. Aldiz, sabelaldea zurixka da. zuhaitz-igel arruntaren antzekoa den arren, hegoaldeko zuhaitz-igelaren albo-marra sudur aldetik aurreko hanketaraino baino ez da iristen. Arrek aho-zakua dute eta araldian, muturretik kloakara duten luzeraren erdiraino puztu dezakete. Aho-zaku hau horixka da arren kasuan, eta sabelaldea baino argiagoa emeen kasuan.

Antzeko espezieak

Hyla molleri

Zuhaitz-igel arruntaren antzekoa den arren, honen albo-marra sudur aldetik aurreko hanketaraino baino ez da iristen; aldiz, H. mollerirena gehiago luzatzen da, atzeko hanketaraino askotan.

Banaketa

Espezie honek nahikoa hedapen zabala du: Afrikako ipar eta mendebaldea, Iberiar penintsulako hegoaldea eta Frantziako hego ekialdean aurkitzen da. Euskal Herriko igelak, ordea, isolatuta ageri dira eta ikerketarik egin ez bada ere, isolamendu honi esker, litekeena da Euskal Herriko igelen genotipoa berezi samarra izatea. Euskal Herrian Mendizorrotz mendira eta Hazparnera mugatuta daude gelditzen diren populazioak eta hauen ugal-leku garrantzitsuenak hauek dira: Goienetxeko putzua, Errotatxoko urmaela, Pokopandegiko urmaela, Munotxabaleko putzua, Arpitako putzua, Etxebesteko putzua, Urtetako putzua, Egioletako putzua, Artikula aundiko putzua, Arrateko putzua, Egiluzeko putzua, Errota berriko putzua, Orioko putzua, Anoko erreka, Arkumetegiko putzua eta Etumeko putzua. Espezie subtropikala izanik, Mendizorrotzeko kokapena arrarotzat jo daiteke, igel hau oraindik bereziagoa bilakatuz. Agian, itsasoaren eragina dela eta, klima egokia da banaketa honen arrazoia.

Habitata

Larba:

Hegoaldeko zuhaitz igelak ugalketarako habitat gisa, zingirako landarediz jantzitako urguneak erabiltzen ditu eta bertan hazten dira zapaburuak ere: aldian-aldiko putzuak, eta urmael eta urtegiak, baita oraindaino aipatu izan ez den beste ingurune antropiko bat ere, hotel eta etxe partikularretako igerilekuak, alegia. Azken ingurune berri hori ez da espeziearentzat baliagarria, ordea, ugalketak batere emaitzarik lortzen ez duelako, dela emeen arrautzek non itsatsi ez dutelako, dela larbek metamorfosia bukatu baino lehen hustutzen dituztelako.

Heldua:

Euskal Herrian hezeguneetan bizi da, inguruko urmael eta putzu iraunkorren eta errekatxoen ertzetan diren landare ugariz estalitako tokietan, batez ere, sasietan, sahatsetan, lezkadietan eta karizeetan eta beste formazio batzuk diren tokietan; zingiretan eta ihitokietan ere bizi da, beti ere, landare ugari dauden lekuetan. Ugalketa gunetik 2 km urruntzera irits daiteke, erreka bazterretako landare zerrendei esker.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Larba:

Zapaburuak hondoan pilatutakoa detritusa zurgatzen du edota makrofitoetara itsatsitako algak arraspatu. Neurri txikiagoan polena, honddoak, usteltze prozesuan dauden animalia eta landareak, eta bakteria eta protozooak jaten ditu. Azkenik, zuhaitz-igel honen zapaburuak Pelodytes punctatusen arrautzak jaten ere ikusi izan dira. Beste zapaburu batzuekin alderatuz, hala ere, hauen dieta nagusia jatorri begetalekoa da, batik bat, loredun landareez zein algez elikatzen dira, eta hau hobeto zurgatzeko heste luzeagoak dituzte.

Heldua:

Hegoaldeko zuhaitz-igela gautarra da baina egunean zehar ere ehizatzen du, nahiz eta pasiboki izan. Igeltxo honen dieta batik bat koleopteroetan, inurrietan eta dipteroetan oinarritzen da, baina homopteroak eta armiarmak jaten ere ikusi izan da. Ez dute harrapakin urtarrik. Zuhaitz-igel helduak bereziki araldian zehar elikatzen dira.

Ugalketa eta ontogenia

Hegoaldeko zuhaitz-igelak heldutasun sexuala hiru urteetara lortzen du. Arrek ozenki egiten dute korroka, koruak osatuz; bakoitzak leku estrategiko bat hartuz (askotan ur gaineko landare bat) eta ahoko zakuak puztuz. Lurraldekoiak izanik, metro batera baino gertuago hurbiltzen diren gainerako arrei mehatxu-korroka egiten diete. Bi korroka hauez gain beste bi deskribatu dira: beste ar batekin kontaktu fisikoren bat gertatzen denean egin ohi dutenaz, ukipen-korroka bezala ezagutzen dena, eta bitarteko korroka, mehatxu- eta dei-korroken artean egin ohi dutena. Dei-korrokak ilunabarrean hasi eta goizeko lehen ordura arte iraun dezake. Ugal-sasoia 3 hilabetekoa da, otsailetik apirilera. Anuru askok errutaldi garaia laburra izaten dute; hegoaldeko zuhaitz-igelak aldiz, hiru hilabetez luzatu ohi du.

Anplexu axilarra dute eta zenbait ordu edo egun iraun ditzake. Anplexua uretan edo lehorretan burutu dezakete. Lehen errutaldiak otsaila eta ekaina bitartean ematen dira eta emeak 400 arrautz inguru jartzen ditu, 3-4 arrautzetako paketeetan edo isolatuak, eta ur-landareei itsatsita uzten ditu, 7 cm-inguruneko sakoneratan. Uretako landaredi egokia aurkitzea da, hain zuzen, igel honek ugaltzeko duen arazo larrienetakoa. Eklosioa errutalditik 8-15 egunera gertatzen da, baina ur-tenperaturaren araberakoa da (10 egukoa 10-13ºC-tan).

Hegoaldeko zuhaitz-igelen zapaburuak otsaila eta apirila bitartean garatzen dira, eta garapen nahiko azkarrekoak dira. Izan ere, espezie honen errutaldi luzeak direla eta, putzuetan larben heterogeneitate handia ematen da tamainari eta garapen-faseari dagokionean, eta honek, larben arteko lehiakortasuna gutxitzen du.

Ondorioz, metamorfosia ere denboraldi luze batean zehar ematen da, eklosiotik 2,5-3 hilabetera (uztailetik irailera gure latitudean), eta zapaburuek 13-15 mm-ko luzera lortzean.

Bizimodua

Heldua: Bakartia.

Zuhaitz-igelei asko gustatzen zaie eguzkia baina egunean zehar ez dira oso aktibo egoten, eta ez diren ikusteko errazak, duten kolorazio kriptikoa dela eta. Orokorrean, hankatxoak gorputzaren azpian biltzen dituzte eta orduetan zehar manten daitezke horrela kiribilduta, eguzkipean. Hala ere, ilunabarrez dira bereziki aktiboak eta lekualdatze handiak egin ditzakete zuhaitz batetik bestera, bere hanka luzeetaz baliatuz. Edozein gainazal motatik gora egiteko gai dira, behatzetan dituzten disko itsaskorrei esker. Azarotik otsaila bitartera hibernatzen du, tenperaturaren arabera. Buztinetan lurperatuta edota harrien zartaduratan gordeta egoten dira.