Erbi iberiarra

Lepus granatensis

Rosenhauer-ek XIX. mendearen erdialdean deskribatu zuen arren, erbi iberiarraren taxonomia eztabaida iturri izan da. 1979 arte, Afrikan eta Asia hego-mendebaldean agertzen den Lepus capensis espeziearen baitan egon zen, harik eta hainbat biometria-ikerketaren eta ikerketa biokimikoren ondoren espezietzat onartu zen arte. Iberiar penintsulako espezie endemikoa da eta ia penintsula osoan agertzen da.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Rosenhauer, 1856
Estatusa: lc

Deskribapena

Erbi txikia da. Bere generokideen moduan, atzeko gorputz-adarrak oso garatuak ditu eta belarri luzeak, punta beltzekin. Ilaje arre-horixka du bizkarraldean eta zuria azpialdean. Gorputz-adarren atzealdean orban zuri bat du. Azpialdeko banda zuria oso hedatua du, aurreko hanken aurrealderaino iristen dena. Dimorfismo sexuala du: 2,95 kg artekoak dira arrak eta 3,3 kg artekoak emeak.

Antzeko espezieak

lepus europaeus

Erbi europarrak tamaina handixeagoa du, sabelaldeko zerrenda zuria estuagoa du eta, bere sabelalde eta bizakarraldeko koloreen arteko trantsizioa gradualagoa da.

Oryctolagus cuniculus

Erbiak untxiak baino handiagoak dira, atzeko hankak eta belarriak luzeagoak dituzte, eta, oro har, itxura lirainagoa dute. Erbiek belarri puntetan dituzten orban beltzak ere bereizgarriak dira.

Banaketa

Iberiar penintsulako endemismoa da eta ia penintsula osoan aurkitzen da; iparraldean, mendebaldetik ekialdera doan zerrenda batean izan ezik. Penintsularen ekialdean, Euskal Herrian bezala,  Ebro ibaiak ezartzen du iparraldeko muga. Hortik gora ere aurkitu izan da, dispertsio naturalaren nahiz ehizarako sartu izanaren ondorioz. Penintsulaz aparte, Baleareetako Mallorca irlan aurki daiteke.

Habitata

Askotariko habitatak erabil ditzaken arren leku irekiak hautatzen ditu, bereziki, nekazal sistemak eta sastrakadi sareak. Penintsularen iparraldean mendi-oinetako sastrakadiak eta mendi-larreak erabiltzen ditu eta, hegoaldean berriz, nekazaritza-gune irekiak (landazabalak) eta olibadiak. Nafarroan, bereziki zereal-landaketak erabiltzen ditu (% 65), gutxiago lugorri eta sastrakadiak (% 24), frutarboladiak (% 6) eta mahats-landaketak (% 5) (Carro et al. 2010). Itsas-mailatik, Peña Trevincan, 1750 m arte aurki daiteke.  

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Gauez elikatu ohi da eta banako ugari elkar daitezke elikadura-guneetan. Gramineoak jaten ditu bereziki (% 70etik gora), gune geografikoa eta altitudea edozein dela ere. Tarteka, landare egurtsuak kimatzen ditu fruituak, zurtoinak eta azal-zatiak eskuratzeko.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa-zikloa, lagomorfo gehienetan bezala, baldintza klimatikoen menpekoa da eta, horrekin lotuta, belar-biomasaren menpekoa. Urte osoan egoten da sexualki aktibo baina, maximoak otsaila eta ekaina artean izaten ditu. Jarduera sexualaren hasiera gorputz-tamaina egokira iristearen araberakoa izaten da, ez urte-sasoiaren araberakoa. Beste lagomorfo batzuk bezala, enbrioiak birxurgatzeko ahalmena du, hau da, baldintzak faboragarriak ez direnean ernaldia moztekoa. Kumaldi bakoitzean 1-4 kume izaten dituzte eta urtean 8-9 kume izatera hel daitezke, beste erbi-espezieen antzera (Purroy 2011). Argi ez dagoen arren, badirudi urtebete ingururekin lortzen dutela heldutasun sexuala.

Bizimodua

Animalia bakartia da. Eguna, berak egiten dituen sakonunetxotan etzanda igarotzen du, “ohe” deitzen direnak. Iluntzean etzate-gunetatik irteten dira elikatzeko; taldeak osatu ditzakete euren larreratze-guneak gainezartzean. Egunero etzate-gunetatik elikatze-gunetara eta alderantziz ibiltzen da.