Euskal Herri osoan zehar aurki daitekeen mustelidoen familiako kidea da lepazuria, Iberiar penintsulan agertzen diren bi supespezieetatik Martes foina foina delarik gurean ageri dena. Habitat naturaletatik hasi eta baserri ingurutaraino aurki daiteke animalia hau, mustelido zuhaiztar orok izan ditzakeen ezaugarri morfologiko nagusiak aurkezten dituelarik. Hala ere, bada erabat berea duen ezaugarri fisikorik ere, denetan esanguratsuena papar aldean izaten duen orbain zuria izanik. Orbain hau, gainera, oso antzekoa den lepahoriarengandik (Martes martes), mustelidoen familiakoa hau ere, begi-bistaz bereizteko ezinbestekoa da. 1984az geroztik debekatua dago lepazuriaren ehiza Euskal Herrian.
Lepazuria
Martes foina

Deskribapena
Arre koloreko ilaia du, burualdean zertxobait argiagoa eta hanketan zein isatsean, berriz, ilunxeagoa izan badaiteke ere. Baina lepazuriarengan berezia den ezaugarririk baldin bada, papar aldean hasi eta sabelean zehar hanketaraino (mutur bitan bananduz) hedatzen zaion orban zuria da. Oro har, ilaiaren kolore-patroi hau nagusitzen bada ere, melanismo kasuak ere antzeman dira.
Lepazuri helduek 40-50 cm bitartean izan ohi dute luzeran, 21-27 cm izaten dituelarik hauen isatsak. Pisuari dagokionean, berriz, 1-2 kg artean izan ohi dute. Hala ere, eta dimorfismo sexual nabaria duen espeziea izanik, neurriok aldakorrak izan daitezke emeen eta arren artean, betiere emeak txikixeagoak eta arinagoak izanik. Hortzeriari so eginez gero, honako hortz-formula aurkituko zaio: 3.1.4.1./3.1.4.2.
Antzeko espezieak
Martes martes
Gorpuzkera orokorrari begiratuz gero, oso erraza da lepazuria eta lepahoria elkarrekin nahastea, eta are gehiago bien banaketa-areak gainjartzen direnean. Izan ere, bi espezieok begi-bistaz ziurtasunez bereizteko ezaugarri diagnostiko bakarra papar-aldean aurkezten duten orbainaren kolorea da; esan bezala zuria lepazuriaren kasuan eta horixka ilunxeagoa lepahoriarenean. Honetaz gain, baina, badira bi espezie hauen artean ezberdinak diren ezaugarri gehiago, nahiz eta begi-bistaz bereizten zailagoak izan. Lepazuriak gorputz handixeagoa du, gorputz-adarrak laburragoak, muturra zapalagoa eta belarriak, berriz, txikixeagoak.
Orokorrean, gainera, lepazuriaren eta lepahoriaren nitxo trofikoek gainjartze-maila handia izaten dute, inguruaren erabilera antzekoa egiten dutelarik. Ehizatzen dituzten animalien eta elikagaien konposizioaren arabera, baina, bada bereizketarako aukerarik, banaketa ekologiko bat suposatzen duelarik honek. Lepahoriak txoriez eta basoetako mikrougaztunez elikatzen ohitura handiagoa duen bitartean, lepazuria fruitu lehorrez eta esparru irekietako mikrougaztunez elikatzen da.
Banaketa
Iberiar penintsulan, Balear zein Kanariar uharteetan izan ezik, gainontzeko lurralde osoan agertzen da, iparraldea eta hegoaldea hartzen dituzten espezieak ezberdinak direlarik: Martes foina foina (Erxleben 1777) penintsularen iparralde zein erdigunean, eta Martes foina mediterranea (Barret-Hamilton 1898), ilaia gorrixeagoa eta paparralde horixeagoarekin penintsularen hegoaldean.
Euskal Herrian mustelido honek duen banaketa orokorra dela esan ohi da, lurralde osoan zehar presentzia nahiko nabarmena eta ia uniformea agertzen duelarik.


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ugalketa eta ontogenia
Araldian zehar, emeek soinuak igorri ohi dituzte eta baita zenbait elementu usaintsu jariatu ere arrak erakartzeko. Behin bi sexutako banakoak elkarturik, 50 minutuz elkar esetsiz eta oihuka aritzen dira, arrak emea lepotik tinko heldu artean.
Behin ernalketa emanik, zigotoa blastozito etaparaino garatuko da, baina momentu horretan enbrioiaren garapena eten egiten da, otsailera arte honela iraunez, noiz, blastozito bideragarrien garapena ematen segiko den ondorengo 55-60 egunetan.
Erditzeak martxoa eta apirilean zehar izaten dira eta 2-4 kume bitartean izan ohi dute, inoiz 5 kumetara ere irits daitezkeelarik. Kume jaioberriak guztiz itsu eta gor jaiotzen dira. Edoskitzaroak kumeak hiru hilabete izatera iritsi arte irauten du, uda amaiera edo udazken hasierarako jubenilak beraien ehizakiak ehizatzeko gai izaten direlarik. Hala ere, zenbait indibiduok oraindik zenbait hilabete egingo dituzte amaren lurraldean.
Lepazuriaren bizi-itxaropena 8-10 urte bitartekoa, salbuespenak salbuespen.
Bizimodua
Elikagaien eta babeslekuen (zuhaitz enborretako zuloak, harritzak…) banaketa heterogeneoa dela eta, lurraldearen erabilera zatikatua egiten dute oso; eta norbanakoek gorotz eta txizaren bitartez inguruneko elementu nabarmenak identifikatuz markatzen dituzte beraien lurraldeen mugak (zuhaitzetan, harrietan, zubietan…).