Haizearen indarra baliatuz hegan dotorezia handiz egiten duen hegaztia da miru gorria, abilezia handiz eta ia indarrik egin gabe ordu asko igaro ditzakeena. Bere V itxurako buztanagatik erraz identifikatzen delako eta neguan zeruan ikus dezakegun harrapari bakanetariko bat delako hegazti oso ezaguna da berau.
Miru gorria
Milvus milvus

Deskribapena
Miru gorriak 61-72 cm bitarteko luzera eta 140-180 cm arteko hego-zabalera duen hegazti harraparia da (Forsman 1999; Svensson et al. 2010). Hego eta buztan luzeak dauzka, eta hegakera dotorea du, kometa bat bailiran (hortik datorkio kite ingelesezko izena) buztana etengabe biratzen duen bitartean. Gainera, V itxurako buztana, lumadi gorrixka eta burua grisa du (Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001; Svensson et al. 2010). Ezaugarri horiei erreparatuz gero ez dago beste espezieekin nahasterik.
Esan bezala, lumadia gorrixka da (buztanaren goiko aldean eta sabelaldean nabarmena da) eta hegoen alde bentralean bi panel txuri dauzka. Gazteek, ordea, kolorazio apalagoa dute eta hegoen estal-lumen puntak txuriak direnez hegoen erdialdean zeharkako marra argi bat ikus zatzaieke (Svensson et al. 2010).
Antzeko espezieak
Milvus migrans
Miruen berezko ezaugarria da buztanaren V itxura, bai miru beltzarena bai eta miru gorriarena ere. Ordea, buztaneko sargunea handiagoa da miru gorrian, V itxura sakonagoa duela alegia, eta berau buztana zabal-zabalik duenean ere ikusten zaio. Gainera, kolorazioa ere desberdina dute.
Aquila pennata
Arrano txikiaren fase argiarekin (ohikoena) ez dago inolako arazorik. Baina arrano txiki batzuek miru gorriaren antzeko kolorazioa dute (fase iluna) eta kasu horietan nahasmenak egon daitezke. Gogoratu miru gorriak buztanean V itxura duela eta arrano txikiak sorbaldan bi orban argi dauzkala (zuzenean datorkizunean oso argi ikusten dira, kotxe bateko argiak bailiran).
Banaketa
Palearktikoaren mendebaldeko hegaztia da miru gorria eta munduko populazioaren % 90 Alemanian, Frantzian eta Espainian bizi da (Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001). Euskal Herrian penintsulako populazio ugaltzaileetako bat dago, Nafarroan batez ere (SEO/BirdLife, interneten).
Europako iparraldeko miru gorriek baino ez dute migratzen, eta hibernatzera batez ere penintsulara etortzen dira. Gainontzekoak sedentarioak dira eta mugimendu dispertsiboak egiten dituzte soilik (SEO/BirdLife, interneten).


Habitata
Baso eta eremu irekien arteko mosaikoetan bizi da (Cramp & Simmons 1980). Euskal Herrian zekale-sailen eta soroen inguruak hobesten ditu, bertan etengabe bere elikagaiak bilatzen dituelarik (Viñuela et al. 1999).
Neguan habia basoen ertzetako zuhaitzetan nahiz zuhaitz isolatuetan egiten dute. Hauek espezie eta tamaina desberdin askotakoak izan daitezke (Cramp & Simmons 1980). Ugal-garaitik kanpo hamarnaka ale batzen dira zuhaitz berean lo egiteko.