Schreiber saguzarra, koba-saguzar izenez ere ezagutzen dena, leizezulotan gorde ohi den espeziea da. Miniopterus generoko Europako espezie bakarra da, eta Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke. Talde handiak osatu ohi ditu kobazuloen barruan, gehienetan beste hainbat espezietako saguzarrekin batera, eta migrazio nahiko luzeak egiteko gai da. Bere kontserbazio-egoera ez da txarra, baina azken urteotan populazioek beherako joera hartu dutela ikusi da.
Koba-saguzarra
Miniopterus schreibersii

Phyluma: Chordata
Klasea:Mammalia
Ordena: Chiroptera
Familia: Miniopteridae
Klasifikazioa: Kuhl, 1817
Estatusa: nt
Deskribapena
Koba-saguzarra tamaina ertaineko (besagain-luzera: 43-50 mm) kiropteroa da eta 10 eta 20 gramo bitarteko pisua izan ohi du. Mutur oso motza du, eta kopeta nabarmenki handia eta irtena. Ilaje motza eta dentsoa du, marroi-gris kolorekoa. Saguzar gehienetan bezala, sabelaldea bizkarraldea baino argiagoa da. Koba-saguzarraren kasuan, gainera, sabelaldearen erdialdeko ileak ertzetakoak baino ilunagoak dira. Araldian daudenean, arren ilajea harroagoa izan ohi da, eta testikulu handiagoak izan ohi dituzte. Belarriak txikiak eta triangelu-formakoak dira, eta tragoa, berriz, txikia, aurrerantza irtena. Ezaugarri horiek direla eta, nahiko erraza da espeziea eskuan izan gabe identifikatzea, kobazulo batean eskegita dagoenean, esate baterako. Aspektu-ratio handiko hegoak ditu; hau da, luzeak eta estuak, eta ezaugarri horrek distantzia luzeko eta gune irekietako hegalari ona bihurtzen du espeziea. Hirugarren behatzeko bigarren falangea oso luzea da, lehenengoa baino hiru aldiz handiagoa, gutxi gorabehera. Plagiopatagioa orkatilan txertatzen da, eta uropatagioak ez du lobulu postkalkaneorik. 2.1.2.3/3.1.3.3 hortz-formula du.
[embed]http://www.youtube.com/watch?v=Mz86cZThfQU[/embed]
[embed]http://www.youtube.com/watch?v=Mz86cZThfQU[/embed]
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Banaketa oso zabala duen espeziea da. Jatorri subtropikala duen arren, Europan, Afrikan, Asian eta Australian ere aurki daiteke. Asiako eta Australiako animaliak espezie berekoak diren, ordea, eztabaidan dago. Europari dagokionez, hegoalde guztian arrunta da, Iberiar penintsulatik Kaukasoraino. Iberiar penintsula osoan aurki daiteke, hegoaldean eta mediterraneo inguruan arruntagoa den arren, eta mediterraneoko irla gehienetan ere badago (Dietz et al. 2009).
Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke, baina kolonia gehienak Araban ezagutzen dira (Aihartza 2001).
Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke, baina kolonia gehienak Araban ezagutzen dira (Aihartza 2001).


Habitata
Leizeetan gordetzen den espeziea da, eta gutxitan erabiltzen dituzte gizakiak sortutako eraikinak bertako arrakaletan gordetzeko. Era horretako gordelekuak, normalean, ale bakanek erabiltzen dituzte neguan edo udaberrian, edo ehiza eremua handitzeko pausaleku gisa ere erabili ditzakete. Habitat mota ugaritan bizi daiteke, ingurune menditsu zein lauetan; izan ere, espeziearen banaketaren baldintzatzailea ez da habitata, gordelekuak baizik. Itsas mailatik 1.400 metro bitartean aurkitu dira espezie honen koloniak (Dietz et al. 2009).
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Bere hortzeria intsektu txikiak jatera moldaturik dago, eta lepidoptero gautarrak, neuropteroak eta dipteroak dira dietaren osagai nagusiak (Presetnik 2002).
Ugalketa eta ontogenia
Schreiber saguzarra enbrioiaren ezarpen atzeratua duen Europako espezie bakarra da. Hau da, zigotoa udazkenean sortzen da, kopularen ostean, baina ez da uteroan ezartzen harik eta hibernazioa igaro arte. Saguzarrak hibernazio-egoeratik irtetean hasten da garatzen enbrioia. Bederatzi hilabete inguruko ernaldiaren ostean, emeak ekainean eta uztailean erditzen dira. Kumeek bi hilabete inguru behar izaten dituzte garapena amaitzeko, nahiz eta animalia asko gai diren 40 egunen buruan hegan egiteko. Emeek bi urteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala (Dietz et al. 2009).
Bizimodua
Oso espezie taldekoia da, eta milaka alez osatutako koloniak eratzen dituzte urte guztian zehar kobazuloetan. Kumatze-garaian arratoi-belarri handiarekin (Myotis myotis), arratoi-belarri txikiarekin (Myotis blythii), ferra-saguzar ertainarekin (Rhinolophus euryale) eta ferra-saguzar mediterraneoarekin (Rhinolophus mehelyi) batera bil daitezke, baina neguan, normalean, ez dira beste espezieko animaliekin elkartzen, ferra-saguzar handiarekin (Rhinolophus ferrumequinum) salbu.
Hego-morfologiak oso azkar hegan egitea ahalbidetzen dio animalia honi, eta migrazio-bidaia luzeak egiteko gai da.
Hego-morfologiak oso azkar hegan egitea ahalbidetzen dio animalia honi, eta migrazio-bidaia luzeak egiteko gai da.