Elur-txonta

Montifringilla nivalis

Euskal Herriko paseriforme menditarrena dela esan daiteke elur-txonta, Nafarroa ipar-ekialdeko goi-mendietan besterik ezin baita aurkitu gure lurraldean. Kantauriar mendikatetik Txina erdialdeko mendiguneetaraino hedaturik dagoen arren, mendiguneetara estuki loturiko espeziea da. Intsektuez, haziez eta fruituez elikatzen da, eta baso-mugatik gorako habitat alpetarretako ingurune harkaitztsuetan txitotzen du. Euskaraz elur-txonta izenez ezagutzen den arren, txolarren familian sailkaturiko espeziea da.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko paseriformea da 16-19 cm-ko luzera eta 34-38 cm-ko hego-zabalera duena. Pisua 30-40 gramo ingurukoa izan ohi da. Bizkarraldea marroia eta beltza da, eta sabelaldea, berriz, grisa. Hegoaren parte proximala zuria da, eta erditik ertzera beltza. Ondorioz, hegoak itxita dituenean marra zuria eta beltza nabarmentzen zaizkio gorputzaren alboetan. Burua gris kolorekoa da, sabela baino ilunxeagoa. Mokoaren kolorea sasoiaren arabera aldatzen da: udan iluna da neguan berriz hori-laranja. Udan moko ilunaren azpiadean orban beltz bat izan ohi du. Sexuen artean ez dago aldakortasun morfologiko nabarmenik.

Antzeko espezieak

Elur-berdantza (Plectrophenax nivalis)

Morfologikoki antzekotasun handia duten arren –gazteek eta neguko lumaiarekin-, elur-berdantza noizean behin soilik ager daiteke gure lurraldean, bere banaketa Eurasia iparraldeko inguruneetara mugaturik baitago. Arren udako lumajea askoz bereizgarriagoa da, burua eta sabelaldea guztiz zuriak baitira, eta bizkarraldea beltza.

Banaketa

Mendiguneei loturiko banaketa zabala du, Europa hego-mendebaldeko mendikateetatik Txina erdialeko mendiguneetaraino hedaturik baitago. Kantauriar mendikatean, Pirinioetan, Alpeetan, Kaukason, Himalayan eta Tibeten aurki daiteke, besteak beste.

Iberiar penintsulan Pirinioetan eta Kantauriar mendikatean daude elur-txontaren populazio bakarrak, eta Euskal Herrian Nafarroa ipar-ekialdeko goi-mendietan soilik aurki daitezke. Pirinioetan mendebalderen dagoen populazioa Orhi mendiaren inguruan dago.

Habitata

Ingurune alpetarretara estuki loturik dago, eta nekez ikus daiteke 1000 metrotik behera, baita neguan ere. Elur-txonta gehienek 1500 eta 2800 metro bitarteko altueran egiten dute habia, baina 3000 metrotik gorako altueran ibili ohi da. Ganadurik gabeko larreak hobesten ditu (Laiolo et al. 2004). Normalean baso-mugatik gora bizi ohi da, eta ingurune alpetarreko harkaiztietan egiten du habia. Neguan ere elur-mailaren mugan ibili ohi da, eta udan baino altuera baxuagoetan mugitzen den arren, mendiguneetan mantentzen da.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Landareen haziez eta intsektuez elikatzen da nagusiki, nahiz eta neguko dieta ia guztiz hazietara mugatzen den. Elur-txontak taldetan mugitzen dira sarri, eta udaberrian haizeak bailara hondoetatik gorantza bidalitako intsektuez elikatzen dira elurretan.

Ugalketa eta ontogenia

Ez dago espezie honen ugalkeraen inguruko informazio askorik. Emeak 3-4 arrautza erruten ditu.

Bizimodua

Izaera oportunista duen espeziea da, eta gizakia dabilen inguruetan aurkitzea ez da harritzekoa, eski estazioetan edo mendiko aterpetxeen inguruan, esaterako.

Normalean distantzia handirik gabeko altuera-migrazioak egiten ditu, baina jakina da lekualdaketa handiagoak ere egiten dituela, Alpeetan eraztundutako aleak Pirinioetan azaldu baitira, besteak beste.