Ibai eta erreketara oso lotuta dagoen txori txiki bat da buztanikara horia. Geldirik dagoenean buztan luzea etengabe mugitzen du gora eta behera, hori da ziurrenik espezie hau ikustean arreta deitzen duen ezaugarri nabarmenena. Hori eta ibai inguruko eraikinetako leihoen kontra jotzeko daukan “erraztasuna”: kristalen islada ur-geruzarenarekin nahasten du, antza, eta berau zeharkatzen saiatzen da.
Buztanikara horia
Motacilla cinerea

Deskribapena
Buztanikara horia tamaina txikiko hegaztia da, 17-20 cm luzera eta 25-27 cm hego-zabalera baitu. Izena, buztan-ikara, buztan luzea etengabe mugitzen duelako datorkio. Buztan luzeak, gorputz meheak eta moko zorrotzak txori txiki honi liraintasun handia ematen diote. Txikia izanagatik, ordea, oso erraza da ibaiertzetan batetik bestera saltoak emanez, hegaldi labur eta azkarrak egiten dituenean ikustea. Lurretik, baina, pausoka mugitzen da eta ez du saltorik egiten.
Lumadiak kontraste nabarmena dauka, emean arran baino zertxobait apalagoa. Eredu orokorra honakoa da: alde dortsala grisa eta bentrala horia. Hala ere, hegalak ilunagoak dira bizkarraldea baino, eta handik eta hemendik zenbait pintzelada zuri ikusten zaizkio (bekainean, bibotean eta hegaletan). Buztanean erdialdeko lumak ilunak dira eta ertzetakoak zuriak. Esan bezala, lumadia oso antzekoa da arretan eta emeetan baina desberdintasun argi bat dago bien artean: neguan lepoa zuria da bi sexuetan, baina ugal sasoian arretan beltza da.
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Buztanikara horiak banaketa palearktikoa du, hau da, Asian, Europan eta Afrika ipar-mendebaldean bizi da. Iberiar Penintsulari dagokionez, banaketa intsolazio gutxiko eta altitude ertain-altuko eremuetara mugatzen da eta, horregatik mendiguneak dauden leku guztietan aurkitu daiteke, batez ere Galizian, Kantabriako mendietan, Pirinioetan, Mendikate Zentralean eta Mendikate Betikoan. Hemen urte osoan geratzen da, ez du migraziorik egiten, baina mugimendu altitudinalak egiten ditu. Halaber, hemengo aleak sedentarioak badira ere, neguan gurera Europa erdialdeko populazio migratzaileak iristen dira.
Espainiar estatuan 145.000 eta 348.000 ale artean daudela estimatzen da, gehienak Gaztela-Leonen, Andaluzian eta Aragoin. Dentsitate handienak mediterraneo inguruko ibar-basoetan aurkitu dira (5,2 ale/km2 inguru).


Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Urte osoan intsektu lurtar nahiz urtarrez elikatzen da, baina urtaroaren arabera batzuk edo besteak aukeratzen ditu: udaberrian diptero, koleoptero eta trikopteroen fase lurtarrez elikatzen da; udan larba eta imago lurtar zein urtarrak jaten ditu; udazkenean diptero eta trikopteroen imagoak eta tipulidoen, plekopteroen eta krustazeoen larbak jaten ditu; eta neguan larba akuatikoak nagusitzen dira (efemeropteroak eta trikopteroak batez ere). Molusku gasteropodoak ere jaten dituela ikusi da.
Bazkatzeko presak lurrean edo sakonera gutxiko uretan bilatzen ditu. Batzuetan hegan nahiz korrika esesten ditu.