Sai zuria

Neophron percnopterus

Sai paleartikoen artean txikiena da sai zuria. Negua Afrika tropikalean igarotzen dute eta martxoaren hasiera aldera iristen dira Euskal Herrira. Sarraskijalea den arren beste saiak baino askoz oportunistagoa da elikadurari dagokionez; ehiztari, arrantzale, arrautza lapur edo koprofago ere izan daiteke. Animalia honen berezitasunik nabarmenena arrautzak apurtzeko duen metodoa da, Afrikan ikusi denez arrautzak lapurtzean harrien kontra jaurti eta apurtzen dituzte gero jan ahal izateko, eta ostruken arrautzak bezalako arrautza handien kasuan berriz harriak botatzen dizkie behin eta berriz oskola apurtu arte. Jokabide honen ondorioz sai jakintsua izengoitia irabazi dute, eta tresnak erabiltzen dituzten hegazti apurren taldean sartu dira.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Savigny, 1809
Estatusa: en

Deskribapena

Sai zuriaren burua eta atzealdea zuriak dira, eta hegaldirako lumak aldiz ilunagoak, ia beltzak. Luma zorrotzak dituzte lepoaren bueltan eta aurpegi hori-laranja biluzia dute. Aurpegi biluzia termoerregulaziorako eta animalien zirrikitu estuetatik burua sartu eta haragia atera ahal izateko dutela uste da; zirrikituetan burua sartu ahal izatea garrantzitsua da hauentzat, sai arreen atzetik aprobetxatzen baitituzte sarraskiak eta haiek iritsi ezin izan diren zatiak jan beharko baitituzte. Ez dute dimorfismo sexual handirik, baina batazbestean, emeek pisu handixeagoa izan ohi dute. Banako gazteak uniformeki marroiak izaten dira.

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Europa eta Asia hegoaldean, eta Afrika iparraldea bizi dira. Gainera populazio isolatu batzuk Kanariar irletan eta Cavo Verden ere bizi dira (Madroño et al. 2004, Donazar et al. 2007). Eskualde epeleko saiek hegoaldera migratzen dute neguan, eta ekuatore inguruan txitatzen duten animaliak sedentarioak izan ohi dira. Bikote ugaltzaileak kumatze leku berera itzul daitezke hainbat urtetan zehar. Zenbait urtetan posible izaten da neguan ere sai zuriak geurean ikustea.

Habitata

Sai zuriek arkaitz labarretan egin ohi dituzte habiak, taldeka, normalean (Donazar et al. 1996). Beste saiek bezala zailtasunak dituzte hegoei eragite hutsaz hegan egiteko eta ondorioz oso garrantzitsuak dira korronte termikoak beraientzat. Zuhaitz eta eraikin zaharretan ere egin ditzakete kabiak baldintzak egokiak ez direnean. Batzuetan giza populazioak dauden gunetan agertzen dira gizakiak sortutako janari hondakinak jateko.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Haragijaleak dira, gehienbat sarraskijaleak, baina jakina da intsektuak, narrasti eta ugaztun txikiak, krustazeoak eta abar jaten dituztela. Beste hegaztien arrautzak hautsi eta jateko harriak erabiltzeagatik ere ezagunak dira. Jaioberriei animalia txikiak ematen dizkiete elikatzeko.

Ugalketa eta ontogenia

Sai zuriak monogamoak dira. Urtean behin ugaltzen dira. Martxoa eta maiatza artean jartzen dituzte arrautzak. Kumaldi bakoitzean 1etik 3ra arrautza jartzen dituzte eta 39-45 egunez zaintzen dituzte arrautzak kumeak jaio aurretik; zainketa honetaz ar eta emeak arduratzen dira. Kumeak, normalean, txandaka jaiotzen dira, 3-5 eguneko aldearekin.

Hiru hilen ostean kumeek kabia uzten dute (Donazar et al. 1989), 4 hilabetera independizatzen dira gurasongandik eta 6 urterekin sexualki helduak izaten dira. Kautibitatean 37 urteko bizitza izatera hel daitezke, bizitza basatian ordea zaila da hau determinatzea ez baitira migraziotatik leku berera itzultzen beti.

Bizimodua

Gizarte antolakuntza desberdinak aurkeztu ditzakete eskuragarri dauden errekurtsoen arabera. Banako ugari aurki daitezke batera, heldugabeekin eta beste haragijaleekin, errekurtsoak soberan diren jantokietan. Bestalde, migrazioak bakarrik edo bikotearekin egiten dituzte.