Gau-saguzar handia

Nyctalus lasiopterus

Gau-saguzar handia Europako saguzarrik handiena da eta morfologikoki bere generoko espezieekin antz handia izan arren, tamainak bereizten ditu. Basoko zuhaitzetan gorde ohi da, baina ingurune irekietan ehizatzen ditu intsektuak zein txori txikiak. Izan ere, Nyctalus lasiopterus Europan txoriez elikatzen den saguzar espezie bakarra da.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Schreber, 1780
Estatusa: nt

Deskribapena

Europako saguzarrik handiena da, eta Vespertilionidae familiako handienetariko bat. 41-46 cm-ko hego-luzera izan ohi du, eta 60 gramoko pisua izatera iritsi daiteke. Besagain-luzera, aldiz, 62-68 mm bitartekoa da. Ilajeari dagokionez, alde dortsala marroi-gorrizta eta bentrala horizta edo argiagoa izan ohi du. Belarri motz, zabal eta borobilduak dauzka, baita trago handi eta giltzurrun formakoa; Nyctalus generoaren bereizgarria den ezaugarria da hau. Hego luze eta erlatiboki estuak ditu eta lobulu poskalkaneo ondo garatuak. Nabarmentzekoa da, bestalde, hegoetako patagioaren azpialdearen zati handi bat ilez estalia izatea, gainerako saguzarrek ez bezala.


Arrek eta emeek antzeko tamaina eta morfologia dute; ez dago, beraz, dimorfismo sexual nabarmenik.


 

Antzeko espezieak

Nyctalus noctula

Tamainagatik Tadarida teniotis espeziearekin nahas genezake, hala ere, azken hau gris kolorekoa, isats askea eta hego estilizatuak dauzka erabat.

Bestetik, morfologiagatik posible da gau-saguzar ertainarekin (Nyctalus noctula) nahastea, baina hau txikiagoa eta ahulagoa da.

Askotan, gau-saguzar handien kume arrak eta ertainen eme helduak nahasgarriak izaten dira, kasu hauetan sexu organoei erreparatu beharko genieke

Banaketa

Europa erdialde eta hegoaldean eta Afrika iparraldeko hainbat puntutan aurki daitekeen espeziea da. Dena den, populazio esanguratsuenak Mediterraneo itsasoaren arroan ezagutzen dira dira: Grezia, Korsika, Italia, Eslobakia eta Espainan. Marokon, Libian, Turkian, Iranen eta Errusian ere ale batzuk aurkitu izan dira.


Iberiar Penintsulan gune puntualetan aurkitu izan da Sevilla (Europako koloniarik handiena dago bertan), Cadiz, Errioxa, Nafarroa, Euskal Herri eta Sistema Iberiar eta Zentraleko gune puntualetan.

Habitata

Espezie zuhaiztarra da eta batez ere baso hosto-erorkorretan bizi da, nahiz eta pinudietan ere aurkitu izan den. Ibai-basoetako inguruetan ere bizi daiteke eta baso helduekiko menpekotasuna du, izan ere zuhaitz zaharretan finkatzen baititu bere koloniak. Neguan zuhaitzetako zuloak eta eraikinetako arrakalak erabiltzen ditu hibernatzeko.


Altuera tarte handian aurkitu den espeziea da, itsas mailatik hasi eta goi mendietaraino da. 2000 metroko altueran harrapatu izan da, esaterako, Pirinioetan eta Alpeetan.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Animalia karniboroa da, kokapen geografikoaren arabera eta urteko sasoiaren arabera ehizatzeko jarrera ezberdinak har ditzake. Tamaina handiko intsektuez -sitsak eta kakalardoak- elikatzen da batez ere, baina hegazti paseriformeek garrantzia handia dutela ikusi da azken urteotan. Iberiar Penintsula hegoaldeko populazioak dira hegaztiez elikatzen diren populazio nagusiak, eta migrazio garaiak aprobetxatzen ditu, batez ere, Gibraltargo itsasartean barrena pasatzen diren hegaztiak altuera handian harrapatzeko. Lurretik 400 metrora detektatu izan dira ehizean.

Ugalketa eta ontogenia

Orohar ugalketa gune epeletan ematen da eta emeek kume bakarra izaten dute kumaldi bakoitzean. Erditzeak maiatza-ekaina aldera izaten dira. Erditze garaian emeak kumatze-kolonia txikietan elkartu ohi dira, arrak aldiz, aparte bizi dira.


Fisio-fusio fenomenoa ohikoa izaten da N. lasiopterus kolonietan, non indibiduoak egunero zuhitzez-zuhaitz aritzen dira, batzuk besteekin nahastuz. Modu honetan koloniek zuhaitz eta aterpeak hobeto kontrolatu eta defenda ditzakete, gainera zuhaitzen galeren aurrean hobeto erantzunez.

Bizimodua

Hibernatzen duten animaliak dira eta zuhaitzen zuloen barnean egiten dute (ez da beste lekutan hibernatutako alerik aurkitu). Abendutik martxoa bukaera arte egoten dira izkutatuta. Bestetik, migrazioak burutzen dituztela ere jakina da.


Udan ar eta emeak banandurik bizi dira. Orokorrean arrak bakartiagoak dira edota indibiduo gutxiko talde txikitan bizi dira. Ukranian beste espezietako saguzarrekin (Pipistrellus pipistrellus eta beste gau-saguzarrak) elkarbizitzen behatu dira.