Orka edo ezpalarta izurdeen familiako espezierik handiena da. Munduko ozeano guztietan bizi da, baina poloetako ur hotzetan ohikoagoa da. Euskal Herrira noizbehinka indibiduo batzuk heltzen dira, bakarka edo talde txikitan, baina, oro har, ez da arrunta gure uretan.
Orka
Orcinus orca

Deskribapena
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik
Banaketa
Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ezpalarta animalia ugariz elikatzen da: itsas ugaztun gehienak, itsas hegaztiak, dortokak, zefalopodoak eta arrain espezie asko (marrazoak eta arraiak barne) bere dietaren parte dira. Teknika anitzak garatu ditu haiek harrapatzeko, hala nola, hondartzetan barneratzea itsas txakurrak ehizatzeko edo taldean lan egitea arrainak taldekatzeko eta harrapakin handiei erasotzeko.
Nahiz eta espezie generalista izan, azpipopulazio batzuk harrapakin zehatzetan espezializa daitezke. Ozeano Barearen iparraldean, adibidez, hiru talde nagusi bereiz daitezke: egoiliarrak, bidaiariak eta itsastarrak (Barrett-Lennard & Ellis 2001). Egoiliarrak urte osoan kostaldeko uretan egoten dira, lekualdatze txikiak burutuz, eta batik bat izokinak jaten dituzte, Oncorhynchus tshawytscha espeziearekiko preferentzia handia aurkeztuz (Ford & Ellis 2006). Bidaiariek, berriz, batez ere itsas ugaztunak ehizatzen dituzte. Egoiliarrak bezala, kostaldean bizi dira, baina haiek baino talde txikiagotan elkartu eta distantzia handiagoko migrazioak burutzen dituzte. Azkenik, orka itsastarrak kostaldetik 15 km baino urrunago aurkitu ohi dira. Dirudienez, hauek nagusiki marrazoetan oinarrituriko dieta dute. Hiru populazio horiek, ekologikoki bereiziak egoteaz gain, genetikoki isolatuak daudela ere ikusi da, nahiz eta beren banaketa eremuak gainjarri. Hori dela eta, populazio bakoitza besteengandik ezberdintzen da ezaugarri morfologiko eta etologikoetan.
Antartidan ere hiru populazio ezberdindu dira. Batzuk zereetan (Balaenoptera bonaerensis), besteak itsas txakurretan, eta azkenak bakailaoan (Dissostichus mawsoni) espezializatu dira (Pitman & Ensor 2003).
Ugalketa eta ontogenia
Bizimodua
Orkak animalia sozialak dira; txistuak, kraskak eta bestelako soinuak erabilitzen dituzte elkarren artean komunikatzeko. Haietako soinu batzuk ere ekolokaziorako erabiltzen dituzte.
Taldean bizi dira, haien tamaina aldakorra izanik harrapakin motaren eta haren ugaritasunaren arabera. Normalean 40 indibiduo baino gutxiago elkartu ohi dira. Ozeano Barearen iparraldean ikusi den bezala, ekologikoki ezberdinduriko populazioetako taldeen egitura ezberdina da. Hala, egoiliarretan talde matrilinealak izaten dira: eme batek, bere ondorengo helduek eta bere alaben ondorengoek osatzen dute. Bataz beste sei indibiduo izaten dira, eta bizitza osoan egoten dira elkarrekin, baina taldetik kanpo ugaltzen dira. Kideek txistu eta dei bereziak partekatzen dituzte, gainerako taldeen deiengandik ezberdintzen direnak. Kume berri bat jaiotzen denean, kideen artean taldearekiko espezifikoak diren dei horien erabilera handitzen dela ikusi da, eta era horretan jaioberriak dialektoa ikasten du (Weiß et al. 2006). Dialekto horrek taldekideak ezagutzeko balio du, eta ugaltze garaian, dialekto ezberdina duten indibiduoekin elkartzeko joera dagoela pentsatzen da, endogamia saihesteko. Zenbaitetan, senideak diren talde matrilineal bat baino gehiago elkar daitezke.
Orka bidaiarietan taldeak txikiagoak dira, eme batek eta bere ondorengo batek edo bik osatuak. Ondorengo horiek taldea uztea arrunta izaten da, egoiliarretan ez bezala. Beste talde matrilinealekin asoziatu daitezke, baina hauek ez dute zertan haien senide izan behar.
Bukatzeko, ezpalarta itsastarrek osaturiko taldeen egitura ez da asko ikertu. Jakina den bakarra da 20-65 indibiduo artean elkartzen direla, eta beren egonaldia taldean aldakorra izaten dela.