Makaon tximeleta

Papilio machaon

Euskal Herriko eta Europako tximeletarik ezagunenetarikoa eta ederrenetarikoa duen lepidopteroa da makaona. Beldarrak ere itxura deigarria duen arren, tximeletak parekorik ez duela esan daiteke.  Larba mihiluaren eta azenarioaren  hostoez elikatzen da, besteak beste. Ingelesezko izenak kontrakoa dioen arren, espeziearen banaketa ez dago Europara mugatua, eta Afrikan, Asian eta Amerikan ere bizi da.

Phyluma: Arthropoda
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

Heldua:

Beste edozein espezierekin ezin nahas daitekeen espeziea da, oso forma, tamaina eta itxura bereizgarria baititu. 55 – 85 mm bitarteko hego-zabalera izan ohi du. Aurreko hegoak 40 mm zabal izan daitezke, eta atzekoak estuagoak eta luzeagoak dira.

Hegoak horiak dira, eta marra ilun batek zeharkatzen ditu lau hegoen atzealdeak. Xingola hori hegoen goialdean eta behealdean garbi asko nabaritzen da, eta aurreko hegoetan grisa eta atzekoetan urdina da. Aurreko hegoen aurrealdean, barrualdetik kanpoaldera, orban gris handi bat eta 4 orban beltz izan ohi ditu, eta zainek kolore beltza izaten dute. Zain horiek aurrez aipatutako marra ilunarekin elkartzen dira hainbat puntutan. Atzeko hegoek luzakin bana dute atzealdean, eta hegoen barrualdean, marra ilunaren ertzean, laranja koloreko ozelo bana ikus daiteke. Gorputza ile horiz eta beltzez du estalirik, eta atzeko hanketan zurda-pareak izan ogi dituzte, Papilionidae familiako bereizgarria direnak. Antenak ilunak eta luzeak dira, eta mazoa dute muturrean.

Itxurari dagokionez, aldakortasuna oso urria da, eta ale melanikoak oso-oso arraroak dira. Hala ere, udaberriko belaunaldiko tximeletek kolore argiagoak izan ohi dituzte, udakoek baino.

Krisalida:

Berde-marroi kolorekoa da, eta ez da batere deigarria.

Beldarra:

Hasiera batean kolore beltza izaten du. Hainbat orban gorri txiki izaten ditu , eta orban zuri handi bat bizkarrean. Lehenengo mudak igaro ostean, ordea, kolore hori-berdexka hartzen du, orban beltz eta gorriztekin. Puntan osmeterio izeneko organo erresumingarria du, defentsarako erabilgarria zaiona. Guztiz garatutako larbak 52 mm-ko luzera lor dezake.

Arrautza:

Esferikoa da, eta hasiera batean horia den arren, denborak aurrera egin ahala ilundu egiten da.

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Espeziea ia eskualde Paleartiko guztian aurki daiteke: Europan, Afrika iparraldean, Siberia hegoaldean, Pakistanen, Txinan, Japonian, Himalayan, Alaskan, Kanadan eta AEBetan. Gainera, Asian, Saudi Arabiako, Omaneko eta Yemeneko mendietan ere bizi da.

Europa guztian bizi da, Irlandan eta Britainia Handiko eremu gehienean salbu. Britainia Handian Norfolk eskualdean besterik ez da bizi. Iberiar penintsula guztian bizi da.

Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke, baina ez da oso ugaria. Araban gainerako lurraldeetan baino makaon gehiago ikusten dira.

Habitata

Beldarrak zelaien eta basoen ertzetan ikusi ohi dira, ezpondatan eta bazterretan hazten diren landareetaz elikatzen baitira. Tximeletek, berriz, habitat zabalagoa dute. Zelaietako eta ezpondetako landareen loreen nektarraz elikatzen dira. Altuera baxuetako eremuetan lorategi eta baratzetan nahiko ohikoak dira tximeletak.

Itsas mailatik 2.000 metrorainoko altueran aurki daiteke Euskal Herrian, baina Himalayan 4.800 metrotik gorako altueran ikusi izan dira tximeletok.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Beldarra Apiaceae familiako landareen hostoez elikatzen da: mihilua (Foeniculum vulgare), azenarioa (Daucus carota)… Tximeletaren egiteko nagusia ugaltzea da, eta elikagai oso gutxirekin bizitzeko gaitasuna du. Ondorioz, nektar eta ihintz-tanta apur batzuk nahikoa dira bizirauteko.

Ugalketa eta ontogenia

Arrautzak landare apiazeoen zurtoinetan eta hostoen artean jarri ohi dituzte emeek. Eklosioa arrautza jarri eta 8-10 egunera gertatzen da, eta beldarra arrautzak ezarritako landare horietan ibili ohi da, nagusiki. Larba-fasearen luzera 30 egun ingurukoa da.

Krisalida leku seguru eta kamuflatuan ezartzen da, zeta bidez zurtoinari lotuta. Negua pupa-fasean –krisalida moduan, alegia– igarotzen dute, eta krisalida horietatik sortzen dira lehenengo belaunaldiko tximeletak. Tximeletek aste gutxi batzutako bizitza dute.

Bizimodua