Bizkaiko golkoko zetazeo txikiena da eta kostatik gertuen bizi dena. Bizkar-hegatsak triangelu-forma du eta ez du moko-itxurako muturrik. Aitzinean gure portu eta kostaldean espezie arrunta zen, baita badia eta estuarioetan ere, baina azken 50 urteotan ia guztiz desagertu da gure itsasoetatik.
Mazopa arrunta
Phocoena phocoena

Deskribapena
Portuko izurdea edo mazopa arrunta, Phocoena phocoena, Europako itsas-ugaztunen artean txikienetarikoa da. Espezie honetako helduen batez besteko luzera 1,50 metro ingurukoa da arretan eta 1,70 ingurukoa emeetan. Hala ere batez besteko tamaina hau erlatiboa da mazopen populazio desberdinen artean; Ipar Itsasoan 1,90 metroko luzera duten mazopak aurkitu dira eta Baltikoan eta Europako mendebaldeko kostetan 2 metroko indibiduoak ere aurkitu dira.
Era berean, pisua ere aldakorra da mazopen artean 30 kg-koa izanik bere batez bestekoa Ipar Itsasoan, 52 kg Europako ipar eta mendebaldetako itsasoetan , 90 kg-ko pisu maximoa hartzen dutelarik ere. Oro har, emeak arrak baino apur bat handiagoak izaten dira, hau delarik erakusten duten dimorfismo sexual mota bakarra.
Gorputz mehe eta trinkoa du, baina luzea ez denez, ia zilindrikoa eta proportzioan lodia dirudi. Burua oso txikia da, mokorik gabea, eta putz egiteko organoa, erdizirkularra dena, buruaren erdialdean du. Erdi-baraila bakoitzean 22-27 hagin bitartean dituzte. Hegats dortsala, erdialdeko partetik apur bat atzerago kokatzen dena, itxura triangeluarra du familiako beste espezieen antzera, baina atzeko ertza erabat zuzena edo apur bat ahurra delarik. Bular-hegatsak aldiz, txikiak eta nahiko zabalak izan ohi dira, kolore oso ilunekoak, buruaren atzealdean daudenak.
Kolorazioari dagokionez, eta adinarekin alda daitekeen arren, alde dortsalean oso iluna da, ia beltza eta alde bentralean berriz zuria da oso. Alboetako kolore grisa ilunduz edo argituz doa alde dortsalerantz edo bentralerantz hurbildu ahala. Isats-hegala iluna da alde bietan, atzeko ertzak ahurrak dira eta gutxi markaturiko erdiko hozka bat du.
Antzeko espezieak
Ez dago antzeko espezierik