Belarrihandi arrea Plecotus generoko espezieen artean Europan banaketa zabalena duen saguzarra da. Gainerako generokideen antz handia du, baina kolore arre-horixka da espeziea bereizteko ezaugarri bisual nabarmenena. Baso-inguruneetan ehizatu ohi du eta zuhaitzak, kobazuloak zein giza eraikinak erabiltzen ditu gordeleku gisa.
Belarrihandi arrea
Plecotus auritus

Phyluma: Chordata
Klasea:Mammalia
Ordena: Chiroptera
Familia: Vespertilionidae
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc
Deskribapena
Tamaina ertaineko saguzar-espeziea da, 4,5-5 cm-ko luzera eta 30 cm inguruko hego-zabalera duena. Gainerako belarrihandiek bezala, euren izen arruntaren erakusgarri, tamaina handiko belarriak dira espezie honen ezaugarri morfologikorik nabarmenena; ia 4 cm-ko luzera izatera iritsi daitezke. Kolore arre-marroiko bizkarraldea du, eta sabelaldea Euskal Herriko gainerako belarrihandiena baino horixkagoa da.
Antzeko espezieak
Plecotus austriacus
Antzekotasun morfologiko oso handia dute, baina ezaugarri bereizgarriena ilajearen kolorea da. Belarrihandi grisa, izenak berak dioen bezala, grisaxkagoa da, eta sabelalde argia gu. Muturra eta belarriak ilunagoak dira P. austriacusen kasuan. Bi espezieak bereizteko ezaugarri onenak, dena den, ezaugarri biometrikoak dira.
Plecotus macrobullaris
Belarrihandi grisarekin gertatu bezala, honen itxura P. auritusenaren oso antzekoa da. Belarrihandi alpetarraren sabelaldea ere txurixka da. Bestalde, beheko ezpainaren azpian triangelu-formako kuxina du belarrihandi alpetarrak, eta belarrihandi arrearen kuxina ahurra da, ertz zorrotzik gabea. Azkenik, P. macrobullaris Pirinioetako goi-mendietan bakarrik ezagutzen da Euskal Herrian Larra-Belagoa inguruan.
Banaketa
Azken hamarkadara arte Eurasia guztian banaturiko espeziea zela uste zen. Ikerketa molekularrek, ordea, espezie bakartzat jotzen zena hainbat espezie direla erakutsi dute (Juste et al. 2004, Spitzenberger et al. 2006), eta, egun, badakigu espezie honen banaketa Europara mugaturik dagoela. Ia kontinente guztian aurki daiteke. Hegoaldeko muga Iberiar penintsularen, Italiaren eta Balkanetako Penintsularen erdialdean dago, eta, iparraldera, Eskandinavia erdialderaino hedaturik dago. Ekialdeko muga, berriz Ural mendietan eta Kaukasoko mendikatean du (Dietz et al. 2009).
Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke espeziea, kostaldetik Pirinioetako mendietaraino (Aihartza 2001).
Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke espeziea, kostaldetik Pirinioetako mendietaraino (Aihartza 2001).


Habitata
Baso-inguruneei loturiko espeziea da, eta hariztietan, pagadietan zein pinadietan aurki daiteke (de Paz 1984). Ingurune oso itxietan ehizatzen duenez, hegaldi maniobrakor eta geldoa egiteko gaitasun handia du.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Europako belarrihandien artean dieta aberatsena duen espeziea da, hegaz ehizatzeaz gain, lurrean zein landarediaren gainean pausaturiko animaliak harrapatzeko gai baita gleaning izeneko teknika erabiliz (Entwistle et al. 1996). Sitsez elikatzen da batez ere, baina armiarmak, euliak eta kakaladoak ere irensten ditu (Razgour et al. 2011)
Ugalketa eta ontogenia
Kumatze-koloniak txikiak izan ohi dira, 50 aletik beherakoak normalean. Gordeleku gisa arrakalak erabiltzea atsegin dute, eta kobazuloetan zein zuhaitzetako zuloetan topa daitezke. Kumatze-kolonia asko giza eraikinetan egon ohi dira, elizetan edo etxe zaharretako ganberatan (Boyd & Stebbings 1989, Entwistle et al. 1997), eta kasu horietan teilatuko egurren artean edo bestelako arrakalatan sartu ohi da.
Bizimodua
Belarrihandi arrek banaka edo 2-3 aleko taldetan hibernatzen dute kobazulotan. Hotza toleratzeko gaitasun nahiko handia duela erakusten dute 2000 m inguruan topaturiko kumatze-koloniek (Krapp 2004) eta bere banaketaren iparraldeko mugak.