Belarrihandi grisa Plecotus generoko Euskal Herriko hiru belarrihandietako bat da. 60. hamarkadan eman zitzaion espezie kalifikazioa, ordura arte belarrihandi arrearen (Plecotus auritus) subespezietzat jotzen baitzen. Izan ere, aipatutako bi espezieak eta pirinioetako belarrihandi alpetarrak (P. macrobullaris) oso antzeko morfologia dute. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke, eta ez dago belarrihandi arrea bezain beste baso-inguruneei lotua; aitzitik, gizakiak eraldatutako eremuetan ohikoa da.
Belarrihandi grisa
Plecotus austriacus

Phyluma: Chordata
Klasea:Mammalia
Ordena: Chiroptera
Familia: Vespertilionidae
Klasifikazioa: Fischer, 1829
Estatusa: lc
Deskribapena
Tamaina ertaineko saguzarra da, gainerako belarrihandien tamaina berekoa. Besagainaren luzera 37-45 mm artekoa da, eta 6,5-15 gramo bitarteko pisua izan ohi du (Dietz et al. 2009). Plecotus generoko espezie guztiek bezala, oso belarri handiak ditu, besagainaren luzeraren adinakoak, ia-ia. Aktibo ez dagoenean –hibernatzen, esate baterako– bizkar aldera etzaten ditu, eta hegan egitean edo ekokokatzean besterik ez ditu tente jartzen. Belarrien aurrealdean trago luze eta erpin-zorrotza izan ohi du. Ilajea gris iluna da bizkarraldean, eta gris argia sabelaldean. Gazteen kolorazioa apalagoa izan ohi da.
Oso zaila da Euskal Herriko hiru belarrihandi-espezieak morfologikoki bereiztea. Zenbait ale itxura orokorraz espezie bati edo besteari atxikitzerik badagoen arren, badira hainbat ale oso ezaugarri nahasiak izaten dituztenak. Kasu horietarako hainbat neurri biometriko hartzea ezinbestekoa da. Belarrihandi grisa belarrihandi arretik bereizteko erabiltzen den neurri biometriko nagusia tragoaren zabalera da. P. austriacusen tragoaren zabalera 6,6 mm-tik gorakoa da, eta P. auritusena hortik beherakoa.
Oso zaila da Euskal Herriko hiru belarrihandi-espezieak morfologikoki bereiztea. Zenbait ale itxura orokorraz espezie bati edo besteari atxikitzerik badagoen arren, badira hainbat ale oso ezaugarri nahasiak izaten dituztenak. Kasu horietarako hainbat neurri biometriko hartzea ezinbestekoa da. Belarrihandi grisa belarrihandi arretik bereizteko erabiltzen den neurri biometriko nagusia tragoaren zabalera da. P. austriacusen tragoaren zabalera 6,6 mm-tik gorakoa da, eta P. auritusena hortik beherakoa.
Antzeko espezieak
Plecotus auritus
Morfologia orokorrari begira, kolorean dago alderik handiena, Plecotus auritusen sabelaldea horixkagoa baita. Dena den, kolorea oso aldakorra izan daiteke, eta biometriak hartzea da gomendagarriena, era horretan nahiko erraz bereiz baitaitezke bi espezieak.
Plecotus macrobullaris
Morfologikoki antz oso handia dute bi espezieek, baina belarrihandi alpetarrak triangelu formako kuxina dauka beheko ezpainaren azpian, kokotsean. Gainerakoan, biometriak erabiliz bereiz daitezke bi espezieak.
Banaketa
Europa mendebaldetik hasi eta Txina mendebalderaino hedatzen da espezie honen banaketa-eremua. Iparraldeko muga Ingalaterra eta Eskandinavia hegoaldean du, eta hegoaldekoa Sudanen, Etiopian eta Cabo Verde artxipielagoan (Dietz et al. 2009, IUCN Red List).
Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke (Aihartza 2001), itsas mailatik 1800 metro arte.
Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke (Aihartza 2001), itsas mailatik 1800 metro arte.


Habitata
Habitat ezberdin ugaritan aurki daiteke espezie hau, bere generokideak ez bezala. P. auritus oso basotiarra da eta P. macrobullaris mendietako larreetan bizi ohi da. P. austriacus, aldiz, basoetan, estaldura gutxiko inguruneetan eta zuhaitzik gabeko eremuetan ere bizi daiteke (Horacek et al. 2004). Gizakiak eraldatutako eremuetan ere ohikoa da, eta maiz hartzen ditu gordelekutzat giza eraikin zaharretako arrakalak eta teilatuetako habe-arteak. Itsas mailatik 2.000 metro arteko eremuetan aurkitu da.
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Noctuidae familiako sits handiak ehizatzen ditu batez ere, % 70 eta 100 artean. Dipteroak eta koleopteroak ere jaten ditu. Hegan doazen harrapakinak ehizatzen ditu normalean (Bauerova 1982, Swift 1998).
Ugalketa eta ontogenia
Araldia irailean izaten da, eta, negua kobazuloetan hibernatu ostean, emeak ekaina inguruan biltzen dira 10-30 ale inguruko ugal koloniatan (Horacek et al. 2004). Kume gehienak ekaineko bigarren hamabostaldian jaiotzen dira; banaka, normalean. Kumeek bi hilabete inguru igarotzen dute gordelekuan edo amaren sabelera itsatsita, eta abuztua erdialdean lortzen dute lehen hegaldia egitea.
Ohiko bizi-luzetasuna 5 eta 9 urte artekoa da, nahiz eta 20 urtetik gorako aleak ere ezagutzen diren (Arthur & Lemaire 2009).
Ohiko bizi-luzetasuna 5 eta 9 urte artekoa da, nahiz eta 20 urtetik gorako aleak ere ezagutzen diren (Arthur & Lemaire 2009).
Bizimodua
Eme kumatzaileak alde batera utzita, gainerakoan espezie oso bakartia da, hil hotzetan batez ere (Schober & Grimmberger 1989, Aihartza 2001). Arrak eta emeak udaren amaieran (hainbat lekutan uztailean ere ziurtatu dira kopulak) eta udazkenaren hasieran besterik ez dira elkartzen, araldian, hain zuzen. Orduan gertatzen dira kopulak. Bakarka edo talde txikitan hibernatzen dute. Espezie sedentarioa da: oso gutxi mugitzen da gordelekutik, ehizatzean 5 km baino gutxiago (Kiefer & Veith 1998). Mugimentu ohikoenak udako eta neguko gordelekuen artekoak izan ohi dira.