Belarrihandi alpetarra

Plecotus macrobullaris

Belarrihandi alpetarra Europako saguzarrik bitxienetariko bat da, mendikate nagusietan besterik ezin baitaiteke topatu. 2003an esleitu zitzaion espezie kategoria (Kiefer & Veith 2001, Spitzenberger 2001, 2003), antzekotasun morfologiko handia duten bi espezie generokidetatik bereizi zenean, Plecotus auritus eta Plecotus austriacusetik, hain zuzen. Duela gutxi ezagutu zenez, espezieari buruzko informazioa urria da, baina espezie bitxi hau gero eta hobeto ezagutzen dugu urteek aurrera egin ahala.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Kuzjakin, 1965
Estatusa: lc

Deskribapena

Europako gainerako Plecotus espezieen oso antzekoa da morfologikoki, belarri eta trago luzeekin. Aurpegiko bereizgarri nagusia triangelu formako kokotseko kuxina da. Azpiko ezpainaren behealdean alderantzizkatutako triangelu formako kuxina du, zenbait kasutan pigmentazio iluna izaten duena; gazteetan batez ere. Gainerako Plecotusetan kuxin honen forma ez da triangeluarra izaten, borobildua baizik.

Ilajeari dagokionez, sabelaldea zuri-zuria izan ohi du, nahiz eta ileen alde proximala beltza den. Hau da, ileak banatuz ger, ileen behealdea iluna dela ikus daiteke. Ilajea gainerako belarrihandiena baino dentsoagoa eta luzeagoa da, eta kolore aldetik P. austriacusen antz handiagoa du P. auritusena baino.

Antzeko espezieak

Plecotus auritus

Sabelaldean kolore horixkagoa du belarrihandi arreak, eta kokotseko kuxina ez du triangelu formakoa, borobildua baizik. Bestalde, tragoaren zabalera estuagoa izaten da azken honen kasuan P. macrobullarisenarenean baino.

Plecotus austriacus

Ilajearen kolorea oso antzekoa da, eta kokotseko kuxinaren forma da bi espezieak bereizteko ezaugarririk onena. Dena dela, ez da kasu guztietan baliagarria izaten, P. macrobullarisen kuxina puztuta dagoenean P. austriacusenaren antza izan baitezake.

Banaketa

Europako eta Asia mendebaldeko mendiguneetan eta haien inguruan bakarrik ezagutzen da espezie hau: Pirinioak, Alpeak, Alpe dinarikoak, Balkanak, Turkiako mendiak, Siriako mendiak, Kaukaso eta Kurdistango mendiak dira espeziearen bizilekuak (IUCN Red List). Itsas mailatik (Kroazian) 2800 metroko altueraraino (Pirinioetan) aurkitu da (Garin et al. 2003, Pavlinic & Tvrtkovic 2004), eta azken mendikate honetan ez da 1300 metrotik behera aurkitu.

Euskal Herrian Pirinioetako mendirik altuenetan bakarrik ezagutzen da, Larra-Belagua inguruko karstean, alegia.

Habitata

Ingurune irekietan ehizatzen duen animalia da, eta mendi inguruetako larreak erabiltzen ditu, bai goi-mendietakoak zein baso artean altuera baxuagoan aurki daitezkeenak. Harkaiztiak moduko landaredia gutxiko eremuetan ere ehizatzen du.

Goi-mendietako erregina da espezie hau, Pirinioetan batez ere, baso-mugatik gora aurki daitekeen saguzar-espezierik ugariena baita.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Gainerako Plecotusen kasuan bezala, sitsak dira espezie honen dietaren osagai nagusia. Noctuidae familiako lepidoptero gautarrek dietaren ia % 95 osatzen dute, eta sitsak ez diren gainerako intsektuen presentzia oso baxua da. Pirinioetan kontsumitzen dituen espezie nagusiak Agrotis clavisApamea mallardi eta Autographa gamma dira (Alberdi et al. 2012).

Ehizatzeko 5 km baino gehiago mugi daiteke eguneko gordelekutik, gainerako Plecotus saguzarrek baino mugimendu luzeagoak egiteko gai da, beraz (Arthur & Lemaire 2009).

Ugalketa eta ontogenia

Emeek udaberriaren amaieran edo udaren hasieran sortzen dituzte kumatze-koloniak eta badirudi irailera arte-edo elkarturik mantentzen direla eme helduak eta urteko gazteak.

Ezer gutxi ezagutzen da espezie honen ugalketaren inguruan. Bitxikeria gisa, ez da sekula swarming leku batean aurkitu; hau da, ez da gainerako saguzar espezie gehienekin batera biltzen udazkenean kobazulo gutxi batzuetan bertan parekatzeko.

Bizimodua

Europan ezagutzen diren espezie honen gordeleku gehienak eraikin zaharretan daude: etxe zaharrak, elizak eta txabolak (Krapp 2004). Dena den, espezie honetako animaliak ez dira sabaitik eskegitzen; aitzitik, harrien eta egurrezko oholen arteko arrakaletan egon ohi dira gordeta. Ondorioz, ez da erraza izaten espezie honen presentziaz jabetzea. Kobazuloetan ere aurkitu izan da.