Belatxinga mokogorria

Pyrrhocorax pyrrhocorax

Ingurune harritsuetara ederki moldaturiko espezie hau, Euskal Herrian aurki ditzakegun bi belatxinga espezieetako bat da. Ez da belatxinga mokohoria bezain goi-menditarra, ingurune epelak hobeto toleratzen baititu. Banaketa bitxia duen espeziea da, Asia erdialdean oso hedaturik baitago, baina Europako populazio ia guztia Iberiar penintsulakora murrizten baita. Lumaje guztiz beltzak eta moko fin, oker, eta gorri biziak oso identifikaerraza egiten du; baita igortzen dituen soinuek ere.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Linnaeus, 1758
Estatusa: lc

Deskribapena

40 cm inguruko luzera eta 75-90 cm bitarteko hego-zabalera duen tamaina ertaineko korbidoa da, 300 gramo inguruko pisua izan ohi duena. Lumaje guztiz beltz belusatsua du, eta kolore gorri biziko hankak eta mokoa. Azken hau luzea, fina eta beherantz okertua da. Ale gazteen lumajea dirdira gutxiago izan ohi du, eta hanken eta mokoaren kolorea laranja izan ohi da lehen udazkenera arte.

Antzeko espezieak

Belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus)

Antzekotasun morfologiko narbarmena dute bi espezieek, eta mokoaren kolorean eta forman bereizten dira batez ere. Belatxinga mokohoriaren mokoa horia baita, eta tamainaz txikiagoa eta zuzenagoa. Mokogorria mokohoria baino apur bat handixeagoa da. Urrunetik mokoaren kolorea eta forma bereiztezinak direnean, hegoen eta buztanaren formari erreparatuta bereiz daitezke bi belatxingak. Mokohoriaren hegoak ez dira mokogorriarenak bezain karratuak, eta buztana luzeagoa da. Soinuaren bidez ere bi espezieak bereiz daitezke.

Banaketa

Banaketa geografiko berezia duen espeziea da. Populazio gehienak Asia erdialdeko mendiguneetan bizi dira. Etiopiako goi-lautadan populazio isolatu bat bizi da, eta Atlas mendietan (Maroko) ere beste populazio bat dago. Europan populazio isolatu-xamar dezente ditu, gehienak Mediterraneo itsasoaren inguruko mendiguneetan, baina Erresuma Batuko eta Irlandako mendebaldeko kostaldetan ere badaude populazioak. Europako populazio handiena, dena den, Iberiar penintsulan dago.

Euskal Herriko ia ingurune guztian bizi den espeziea da, Kantauri isurialdeko arroetan salbu.

Habitata

Ingurune malkartsuak atsegin dituen espeziea da, habiak amildegietako arrakaletan edo leizezuloetan egiten baititu, batez ere. Belar motzeko larreetan ibili ohi da oso sarri elikagai bila, maiz azienden inguruan.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Ornogabeetan oinarritutako dieta du. Moko fin eta luzea erabiliz lurreko eta harri arteko intsektuak, armiarmak eta bestelako ornogabeak harrapatzen ditu (Madge & Burn 1994). Horien eskuragarritasuna jaistean landare-haziak eta fruituak ere jaten ditu (Rolando & Laiolo 1997).

Ugalketa eta ontogenia

Heldutasun sexuala hiru urterekin lortzen dute, eta ordutik aurrera urteko kumaldi bat izan ohi du bikote bakoitzak, espezie monogamoa baita. Emeak 3-5 arrautza erruten ditu udaberrian. Arrautzok krema kolorekoak izaten dira, berde-gris koloreko orbandunak. Emeak 17-18 egunez inkubatzen ditu arrautzak, kume altrizialak jaiotzen diren arte. Emea beste pare bat astez mantentzen da txito jaioberriekin. Bitarte horretan arrak elikatzen du emea. Txitoek 30-40 egunen buruan garatzen dute lumajea (Snow & Perrins 1998).

Bizimodua

Amildegi eta labarretako arrakaletan eta erlaitzetan, zein kobazuloetan egiten du habia normalean, baina eraikinak ere sarri xamar erabiltzen ditu. Espezie sedentarioa da.

Bizi-luzetasuna 5-10 urte bitartekoa da, baina 17 urteko aleak ere aurkitu izan dira naturan.