Baso-igel iberiarra

Rana iberica

Iberiar penintsulako endemismoa da eta penintsularen ipar-mendebaldean baino ez da agertzen. Bere banaketaren muinean nahiko espezie ugaria da, baina banaketaren mugatan, Euskal Herria kasu, oso espezie urria da eta gainera beherakada nabarmena jasaten ari da azken urteetan. Euskal Herrian, Urdaibai inguruko eta Gorbeiako ibaietan baino ez da aurkitzen harribitxi hau.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Boulenger, 1879
Estatusa: nt

Deskribapena

Larba:

Larbak kolore arre-grisaxa edo gorria du, gorputzean eta isatsean urre-koloreko orbanekin. Azpialde grisaxka edo gorrixka, gutxiago pigmentatua. 49 mm luzerara iristen da (Salvador, 2005).

Heldua:

Igel txikia eta liraina da, mutur motz eta biribildukoa. Ertz errostral bereiztua du. Narinak antzeko distantziara daude muturretik eta begietatik. Narinen arteko distantzia, distantzia interorbitala baino zertxobait handiagoa da. Behatzak nahiko tuberkulu subartikular garatuekin. Atzeko gorputz-adarrak oso luzeak dira. Azal leuna du, bizkarraldean eta atzeko gorputz-adarren atzealdean pikor batzuekin. Plegu dortsolaterala estua eta irtena. Ez du aho-zakurik, gorteiurako eskrezio pikortsu arre-grisaxkak egiten ditu. Azpialdean kolore arre-horixka, arre-grisaxka edo gorrixka du; bizkarraldean orban horixkak eta alboetan zuriak. Bizkarreko orbanak lausoak eta urriak dira normalean.  Azpialdean orban erretikulatu gris edo beltzak ditu. Irisa urre-kolorekoa edo gorrixka du (Salvador, 2005).

Antzeko espezieak

Rana pyrenaica

Baso-igel piriniarrak tinpano oso txikia eta gutxi markatua du; iberiarrak ere txikia du, baina markatuagoa eta begitik urrun kokatua. Piriniarrak eztarrialdea grisez eta arrosaz jaspeztatua du, erdiko marra argirik gabea; iberiarrak, aldiz, arre kolorez oso orbandua eta erdiko marra oso markatuarekin. Azpialdea zurixka-horixka du piriniarrak eta, zurixka eta orban ilunez oso kargatua iberiarrak.

Bereizteko modurik onena bizilekua da, halere, morfologikoki bereizteko aditua izan behar baita. Baso-igel piriniarra goi-menditan bizi da, eta, iberiarra, altitude handietan aurkitu badaiteke ere arraroa da.

Rana temporaria

Baso-igel gorriak nahiko tinpano handia du eta begitik urrun. Tamainaz igel handiagoa eta sendoagoa da. Tono ugaritako arre eta gorriz orbandua izan ohi du zintzurra. Azpialdetik kremaz jaspeztatua da eta, tono ugaritako orban handiak izan ohi ditu. Iberiarrak behatzak oso palmatuak ditu oinetan eta hanka luzeak, gorriak, aldiz, hanka motzak izan ohi ditu eta behatzak gutxi palmatuak.

Rana dalmatina

Baso-igel jauzkariak mutur luzeagoa du eta punta zorrotzekoa, beste baso-igelek, aldiz, zabala eta punta borobildukoa. Tinpanoa oso handia eta begitik oso hurbil izaten du. Gorpuzkera liraina duen arren tamainaz iberiarra baino handiagoa da. Zintzurra argia izan ohi du, batzuetan orban arre txikiekin. Sabelaldea zurixka eta orbanik gabea izaten du, izterrondotan limoi-hori koloreko orbanekin.

Banaketa

Endemismo iberiarra da, penintsularen ipar-mendebaldean banatzen da, Galizian eta Portugaleko erdialde eta iparraldean batez ere. Neurri txikiago batean Asturias, Kantabria, Leon, Zamora eta Euskal Herrian ere aurkitzen da. Burgos, Palentzian eta Erdialdeko Mendigunean ere aurkitu da (Salvador, 2005). Euskal Herrian, Urdaibai inguruko eta Gorbeia inguruko ibaietan daude populazio nagusiak eta kontserbazio arazo larriak dituzte.

Habitata

Larba:

Zapaburuak hazi eta garatu ohi dira sakonera gutxiko ur-masa geldoetan (www.iucnredlist.org).

Heldua:

Ur hotz eta bizkorreko errekastotan aurkitzen da, sekula ez uretatik urruti. Goi mendietako putzu eta lakuetan ere aurkitzen da. Espezie estenoikoa da, gorabehera termikoen eta deshidratazioaren aurrean sentikorra. Nahiko bakartiak dira eta leialak dira beren bizilekuarekiko (Rodríguez-Prieto eta Fernández-Juricic, 2005). Euskal Herrian 620 m inguruko altituderarte aurkitzen da, baina Erdialdeko Mendigunean 2.400 m-ra ere aurkitu da.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Heldua:

Datuak Erdialdeko Mendigunean eginiko ikerketa batean bilduak dira (Lizana Avia et al., 1986). Harrapakinak uretan eta lur lehorrean ehizatzen ditu, bereziki lehorrean. Hiru talde hauetan banatzen dira: Diptera, Coleoptera eta Araneae. Ez dago desberdintasun garrantzitsurik sexuen artean. Ikusi da eskuragarrienak diren taldeak, hau da, ugarienak direnak direla nagusi bere dietan.

Ugalketa eta ontogenia

Arren gametogenesia tenperaturaren menpe dago, tenperaturak asko jaistean geratzen da bestela jarraia da (Crespo, 1974). Urtean zehar bizi den lekuetan ugaltzen da. Altitude baxuko ingurunetan azarotik martxora ugaltzen da (Lizana et al., 1989). Arrak emea jarraitzen du soinu bat igorriz, eta emeak beste soinu bereizgarri bat igortzen du anplexuan dagoenean. Arrak, gorteiu garaian kailu gris-beltzaxka batzuk izaten ditu eta gorputzeko guruinek mukosa jariatzen dute, anplexua errazteko (Brizzi et al., 2002). Anplexua axilarra da. Errunaldia globo-itxurako masa bat da, errekastoetako putzu eta urmaeletan jalkitzen dutena 4 – 32 cm-ko sakontasunera.

Larba-faseak hiru hilabete inguru irauten du. Kostaldean bizi diren kasuetan, Euskal Herrian adibidez, martxoa eta abuztua artean ematen da metamorfosia (Galán-Regalado, 1982). Bi sexuetan heldutasun sexualerako gutxieneko adina bi urtekoa da. Euskal Herriko populazioetan igelak txikiagoak dira goi-mendietan baino, eta denbora gutxiago bizi dira, 4 urte (Esteban eta Sanchiz, 2000).

Bizimodua

Heldua: Bakartia.

Euskal Herrian eta kostaldeko beste inguruneetan aktibo mantentzen da urte osoan. Bestalde, mendiguneetan bere jarduera-tartea murrizten da. Gauez eta egunez aurkezten du jarduera (García-París, 1985). Egunez geldik egon ohi dira landarediaren artean, arroken gainean edo orbel artean (Galán-Regalado, 1982). Gaztetxoek eguneko jarduera izaten dute (Lizana et al, 1989).