Baso-igel piriniarra

Rana pyrenaica

Baso-igel piriniarra Pirinioetako endemismoa da. Nafarroa, Zuberoa eta Aragoiko goi-pirinioan besterik ez da bizi, eta itxuraz baso-igel iberiarraren antza handia duen arren, etoekologia oso ezberdina du. Gainera, ikerketa molekularrek adierazi dutenez, badirudi baso-igel gorriarekin (Rana temporaria) erlazio estuagoa duela (Veith et al. 2002, 2003). Tamaina txikiko igela da, eta ez dago espeziearen populazioen egoera eta dinamikaren inguruko xehetasun askorik, 1993an deskribatu baitzen, Pirinioetako baso-igelen polemika itxiz (García-París 1985).

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Serra-Cobo, 1993
Estatusa: en

Deskribapena

Larba:

Zapaburuak marroi ilun edo beltzak dira, eta kolore argiko pikorrak dituzte. Kolorazioa da gainerako baso-igeletatik bereizteko era egokiena. Bufo generoko apoen antzeko morfologia dute (Vences et al. 1997). Kolorazioa buztanean ere mantentzen da, eta bertan ez dago gune garden edo argirik. Zapaburu jaio-berrien batez besteko tamaina 10,6 mm-koa da (Serra-Cobo 1998), Gosner estadioan direnean 29,2-37,0 mm-koa, eta tamaina maximoa lortzean 33-38 mm-ko ingurukoa (Vences et al. 1997). Buztanaren luzera gorputzarena baino luzeagoa da, tamaina osoaren %54-66, eta sendoa eta altua da, ertz borobilduduna.

Heldua:

Tamaina ertaineko igela da, 30-51 mm, eta emeak arrak baino txikiagoak izan ohi dira (Serra-Cobo 1993). Espeziearen pisu-heinaren inguruko daturik ez dago. Gorputz liraina du eta burua luze baino zabalagoa. Muturra motza da, eta proportzioan, sudurzuloak begitik urrunago daude, banaketa bera duten gainerako igel-espezietan baino. Tinpanoa oso txikia da, ia narbarmentzen ez dena. Bizkarraren alboaldeko tolesdurak, berriz, nabarmenak dira eta begitik uzkiraino hedatzen dira (Duguet & Melki 2003). Aurreko eta atzeko gorputz-adarrak erlatiboki luzeak dira, eta 4 eta 5 hatz dituzte, hurrenez hurren. Atzeko hanketako behatzarteko mintza nahiko handia da baso-igel gorriarekin alderatuta (Salvador & García-París 2001). Arrek eztei-garatxoak izaten dituzte aurreko gorputz-adarretako lehenengo hatzetan, eta kolore horikoak izaten dira. Baso-igel gorriaren kasuan, garatxo hauek kolore iluna izaten dute ugalketa garaian.


Helduen azalaren kolorea krema eta pliba-kolorearen artekoa izaten da, nahiz eta emeek kolore gorriztagoak izan ditzaketen (Serra-Cobo 1993). Gorputzaren kolorazioa homogeneoa da, baina badira orban ilunak dituzten aleak ere. Batzuek alderantzizko V formako orban iluna izaten dute bizkarraldean (Vences et al. 1997). Beste igel arre espezieek bezala, muturretik aurre gorputz-adarreraino hedatzen den antifaz iluna du. Antifazaren eta goi-ezpainaren arteko eskualdea hori-zurixka izaten da. Sabelaldearen kolorea bizkarraldearena baino argiagoa da, apur bat grisaxka eztarri inguruan.



Espeziearen kariotipoa ere ezaguna da; diploideoa (2n) eta 26 kromosomaduna. 5 kromosoma handi pare eta 8 txiki (Odierna et al. 2001).

Antzeko espezieak

Rana temporaria

Normalean Rana pyrenaica baino handiagoa izan ohi da, baina antzeko tamaina dutenean zailak dira bereizten, baso-igel arrutaren muturra zorrozxeagoa izan ohi den arren. Baso-igel arruntaren tinpanoa ere handiagoa izan ohi da.

Rana dalmatina

Banaketa

Pirinioetako endemismoa da, eta banaketa, esan bezala, Nafarroa, Zuberoa eta Aragoira mugatuta dago. Inguru hauetan, gainera, oso leku lokalizatuetan agertzen da. Ekialdeko muga Ordesa eta Monte Perdidoko Parke Nazionalean du (Serra-Cobo 2002), eta mendebaldekoa Aezkoa bailaran (Llamas & Gil 2005). Hegoalderen aurkitu den populazioa Huescako Cancías mendilerroan topatu da (Ortega-Martínez & Ferrer-Justes 2000). Guztira, 10×10 km2-ko 23 UTM laukitan erregistratu da, eta litekeena da eremu hauek espeziearen benetako banaketarekin bat etortzea.


Euskal Herrian Nafarroan eta Zuberoan aurki daiteke. Nafarroako hiru bailaratan detektatu da espeziea, ibaien goi-eremuetan eta errekastoetan. Erronkari bailaran, Belabartzen, Mazen, Mintxaten eta Uztarrotzen aurkitu da. Bidankotzen ere erregistratu da, eta baita Zaraitzu bailarako Anduña ibaiaren goialdean ere. Aralarko Parke Naturalean eta Aezkoa mendiaren inguruan ere bizi da baso-igel piriniarra (Llamas & Gil 2005). Zuberoan Iratiko basoan besterik ez da aurkitu (Duguet & Melki 2003).

Habitata

Larba:

Zapaburuak ur-lasterretan bizi dira, errekaren hondoan, normalean, korronte bizkorrenetatik babestuta (Serra-Cobo, 2003).

Heldua:

Espezie urtarra da, eta goi-mendietako uhar txiki, bizkor eta hotzetan bizi da (Serra-Cobo 1997). Hala ere, zenbait kasutan, iturri, aska eta potzuetan ere aurkitu dira (Serra-Cobo 2000). Bizitza lurtarrena duten aleak gazteak dira, errekastoen inguruko lurretan hedatzen direnak bizileku berrien bila.er

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Larba:

Ez dago baso-igel piriniarraren elikaduraren inguruko datu zientifikorik.

Ugalketa eta ontogenia

Espezie honen ugalketa garaia elurra urtu ondoren hasten da, otsaila eta apirila bitartean. Uhandre piriniarraren (Euproctus asper) leku berean ugaltzen dira, eta oso leku gutxitan behatu da baso-igel gorriarekin (Rana temporaria) jokaera sinpatrikorik. Emeek arroken edo landareen  azpian erruten dituzte arrautzak, ur-korrontearen abiadura txikiena den guneetan (Duguet & Melki 2003). Arrautza-multzoa trinkoa eta dentsoa izaten da, eta ez du flotatzen. 150 arrautza inguru erruten dituzte, Europako baso-igelen artean handienak direnak. Ezaugarri hau ur azkarreko inguruneetan ugaltzeko moldaeratzat interpretatu da (Serra-Cobo et al. 1998).

Bizimodua

Heldua:

Helduak otsailetik udazken amaierara arte egoten dira aktibo. Aktibitatea behatu den tenperatura minimoa 3,7 ºC-koa izan da. Normalean, animaliak uretan egon ohi dira, nahiz eta udan, zenbait kasutan, errekastoen ertzetan termorregulatzen behatu izan diren (Vences et al. 1997).