Eskailera-sugea

Rhinechis scalaris

Euska Herriko suge lirain eta ederrenetakoa dugu eskailera-sugea. Oso eguzkizalea dugu eta gurean alde mediterraneoan soilik agertzen da. Alde dortsalean bi lerro paralelo ditu luzetara, eta gazteak direnean hainbat lerro perpendikularrez lotzen dira biak (banako helduetan bi lerro paraleloak bakarrik mantentzen dira); egitura honek ematen dio izena espezieari.

Phyluma: Chordata
Klasea:
Ordena:
Familia:
Klasifikazioa: Schinz, 1822
Estatusa: lc

Deskribapena

Suge luzea da, normalean 1 m ingurukoa baina, 1,5 m izatera iritsi daiteke; luzeraren bostena osatzen du isatsak. Ezkata dortsalak leunak ditu, eta 27 lerro eratzen dituzte soinaren erdialdean (Aihartza, 1992). Burua nahiko txikia du eta mutur zorrotzekoa. Muturraren luzera begiaren diametroaren bikoitza da.

Burua zabala eta ongi definitua izan ohi du. Bi ezkata parietal oso nabariak ditu eta hauen aurrean ezkata frontal handia, punta zorrotza atzera begira duela. Errostral handia ere aipatzekoa da, zabal baino luzeagoa eta, internasalen artean hauen erdiraino luzatzen dena (Aihartza, 1992).

Helduek alde dortsal arre argia dute, erdi-lerroaren alde bietara bi lerro longitudinal ilunagoak izten dituzte. Ale gazteetan lerro hauek beste zeharkako batzuez lotzen dira. Buruaren alde bietara, begietatik atzerantz marra ilun bana izaten dute. Alde bentralari dagokionez berriz, helduetan zuri edo horixka izten da, baina zenbait ale gaztetan orban ilunak ager daitezke (Aihartza, 1992).

Antzeko espezieak

Ez dago antzeko espezierik

Banaketa

Banaketa ibero-okzitaniarreko sugea, Iberiar penintsularen zati handiena betetzen du, frantziar estatuaren hego-ekialdea eta, Italiako ipar-mendebaldea. Euskal Herrian alde mediterraneora mugatzen da eta, ekialdera, alde prepiriniar guztia zeharkatzen du Piriniora heldu arte; honen banaketak bat egiten du abaritzarenarekin (Quercus coccifera) (Martínez-Rica, 1983). Araban Ebro ibaiaren inguruetan aurkitzen da eta Nafarroan berriz erdi-alde eta hegoaldean (Aihartza, 1992).

Habitata

Sastrakadi mediterraneo dentso samarrak okupatzen ditu eta entresakadun basoak edo, bien arteko ekotonoak. Oro har inguru areatsuak, eguzkitsuak eta zabalak hautatzen ditu gurean (Plegazuelos et al., 2002). Euskal Herrian sastrakaz hornitutako leku harritsuetan, larre bazterretan, baso bakanduetan, nekazal alorren arteko palaxuetan edota horma-zuloetan aurki daiteke batik bat (Aihartza, 1992).

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura

Eskailera sugearen bazka ornodun endotermoak (ugaztunak eta hegaztiak) dira ia soilik; nahiko arraroak dira ornogabe eta narrastiak. Hegazti eta narrastien arrautzak jan dituzten kasu konkretu batzuk ere ezagutzen dira (Laferre, 1970; Pleguezuelos et al, 2007).

Dieta aldatuz joaten da garapen ontogenikoan zehar: suge jaioberriek eta gaztetxoek harrapakin txikienak jaten dituzte (satitsuak, arratoi jaioberriak…); hegaztiak heldutasun sexualera iritsi direnek soilik jango dituzte eta, espezie handiagoak (satorrak, arratoiak, soro-muxarrak, untxiak, erbiak…) suge handiek soilik (Pleguezuelos eta Feriche, 2006). Bere harrapakinak itota hiltzen ditu, konstrikzio bidez, gorputzaren aurrealdeko eraztun bat edo birekin eta, ahoarekin helduta mantentzen duen bitartean (Gonzalez de la Vega, 1988).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal-zikloa urtaroka doa. Arretan barrabilen indarberritzea maiatzaren erdialdera hasten da, bolumen maximoa uztailean eta abuztuan lortzen dute eta, udazkenean beheraka hasten dira; azkenik neguan izaten dute bolumen minimoa. Azterketa sakonagoen faltan barrabilen bolumena espermatogenesiaren zikloaren adierazle ona dela uste da (Blázquez, 1994). Araldia udaberriaren bukaeran hasten da, maiatza eta ekaina bitartean. Ernalketatik 3 – 4 astera 6 – 24 arrautza luze horixka erruten ditu emeak. Bertatik uda bukaeran jaioko dira sugetxoak (Aihartza, 1992).

20 cm-rekin jaiotzen dira sugetxoak. Une horretatik beren bizimodua egiteko gai izango dira, hasieran mantxinsaltoak eta abar ehizatuz eta, hazi ahala, pixkanaka gero eta harrapakin handiagoak harrapatuz; beren gurasoak bezain ehiztari bikain izatera iritsi arte (Aihartza, 1992). Heldutasun sexuala neurriaren arabera hartzen dute, arrek beren luzera maximoaren % 40an eta emeek % 48an (Plequezuelos eta Feriche 2006).

Bizimodua

Gure latitudean, bere jarduera martxoan hasi eta urrian bukatzen da. Bizilekuaren arabera jarduera tarte desberdinak ditu. Jarduera-aldia antzekoa da ar zein emeetan (Feriche, 1998). Egunez, iluntzean nahiz gauez aurkitu daiteke aktibo. Iberiar penintsulako kolubridorik gautarrena dugu.

Beti egiten dute muda bat araldia baino lehen. Muda garaian (8 – 9 egun), sugeak untxienen antzeko ezkutaleku sakonetan egoten dira, horrela gorputzeko tenperatura nahiko konstante mantentzen dute. Jaioberriek ez dute habia uzten muda bat egin arte (Blázquez, 1993).

Egunero distantzia luzeak egiten ditu, Iberiar penintsulako ofidioen artean luzeenak. Gainera ez dira azalera jakinetan mugitzen eta ez dira beti ezkutaleku berdinetara itzultzen (Blázquez, 1993).