Euskal Herriko ferra-saguzarren artean handiena da, izenak berak dioen bezala. Gainerako generokideetatik erraz bereiz daiteke tamainari begiratuta bakarrik, baina sudur-egitura ere bereizgarria da. Europako atlantiar kostatik Asiako Ozeano bareko kostaraino ezagutzen da espeziea eta Euskal Herrian oso espezie arrunta da. Kobazulotan gordetzen da normalean, baina lurpeko egitura artifizialetan (meategiak eta tunelak) ere ikusi ohi da.
Ferra-saguzar handia
Rhinolophus ferrumequinum

Deskribapena
Euskal Herrian ez dago besaurrearen tamaina gainezarri daitekeen beste espezierik, eta tamainarengatik erraz bereizten da gainerako generokideetatik.
Antzeko espezieak
Rhinolophus hipposideros
Ferra-saguzar txikia da handiaren antzekotasun morfologiko handia duen espeziea, baina berau, izenak dioen bezala, tamainaz txikiagoa da. R. ferrumquinumen pisua 15 g ingurukoa izan ohi da, eta R. hipposiderosena, aldiz, 8 g ingurukoa, erdia, alegia. R. hipposiderosen besagainaren tamaina 36 eta 40 mm bitartekoa izan ohi da, eta ferra-saguzar handiarena, aldiz, 53 eta 62 mm bitartekoa.
Rhinolophus euryale
R. euryale ferra-saguzar handia baino apur bat txikiagoa da; besagainaren tamaina 45 eta 51 mm bitartekoa izaten baita.
Rhinolophus mehelyi
Euskal Herrian ez dagoen arren, Iberiar penintsulan ferra-saguzar ertainarekin (Rhinolophus mehelyi) nahas daiteke espeziea, baina honen tamaina txikiagoa izaten da, normalean. R. mehelyiren kasuan, gainera, zelaren ertzak paraleloak dira eta prozesu konektiboa puntazorrotza da.
Banaketa
Iberiar penintsula ia guztian aurkitu da, nahiz eta Aragoi eta Gaztela Mantxan zita gutxi ezagutzen diren. Euskal Herrian, berriz, espezie ugaria da eta gordeleku asko ezagutzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa iparraldean, batik bat (Aihartza 2001).


Habitata
Kumatze-kolonia gehienak 1.000 metroko altueratik behera aurkitu dira, baina ale bakan eta ez-ugaltzaileak 1.600 metrotik gora ere behatu izan dira (Dietz et al. 2009).
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Ferra-saguzar handiaren dietaren % 75 lepidoptero gautarrek eta koleopteroek osatzen dute, eta gainerakoa himenopteroek eta dipteroek, normalean (Beck et al. 1997, Duvergé & Jones 1994). Ez da harrapari oportunista, nahiz eta dieta harrapakinen eskuragarritasunaren arabera alda daitekeen. Aukera den bitartean, sitsez elikatzen da, eta hauen gabezian, kakalardoak ehizatzen ditu. Harrapakinak tamaina handikoak izaten dira eta ekokokapenaren bitartez harrapakinak hautatzeko gaitasun handia du.
Ehizarako bi teknika ezberdin erabiltzen ditu, hawking eta flycatching teknikak, hain zuzen ere. Lehenengoarekin igarotzen du denbora gehiena eta landaredia dentsoko guneetan ehizatzeko gaitasuna du, hegaldian maniobratzeko duen erraztasunagatik. Baso zein leku irekietan 200-300 metroko ibilbide zirkularrak egin ohi ditu harrapakinen bila. Flycatchinga zuhaitzeako adarretatik eskegita burutzen du. Burua apur bat altxata, ekokokapenaren bitartez inguruko harrapakinak bilatzen dituzte burua eta gorputza biratuz, belarriak mugitzen dituzten bitartean. Hegan pausalekutik gertu harrapakinen bat igaroz gero, hegaldi labur eta azkar baten bitartez harrapatzen dute.
Ugalketa eta ontogenia
Gazteak jaio eta 3-4 astera hasten dire hegan, eta beren kabuz bizitzeko gai direnean, 40-50 egun ingururekin, eme helduak udako gordelekua uzten hasten dira. Kumatze-kolonia hau uzten azkenak ale gazteak izaten dira.
Emeek 3-4 urterekin lortzen dute heldutasun sexuala (Ransome 1990, Ransome 1995). Espezie honen bizi-luzetasuna 30 urterainokoa izan daiteke, nahiz eta badirudien gutxi direla 15 urte baino gehiago bizitzen diren animaliak (Dietz et al. 2009)
Bizimodua
Dirudienez, ez dira animalia territorialak eta ale bakoitzak ehiza-eremu ezberdinak erabil ditzake. Ehiza-eremu berbera, bestalde, hainbat alek partekatu dezakete, baina ez momentu berean.
Hibernazio-koloniak kumatze-koloniak baino askoz ere handiagoak izaten dira; 600 aleko koloniak ezagutzen dira. Sexua eta adinaren arabera, neguko gordelekuak hautatzerako orduan aldakortasuna behatu da. Eme helduek kobazulo txiki eta hotzak hautatzen dituzte, leize handiak ar eta eme subhelduek okupatzen dituzten bitartean. Loaldian daudela dirudien arren, neguan zehar, hibernazio-koloniek aldakortasun handiak pairatzen dituzte. Hala, neguko aktibitatea ematen dela ondoriozta daiteke, kanpoko harrapakin-eskuragarritasunaren araberakoa dena.