Espezie arborikola da katagorria, elikagaiak bilatzeko, ura edateko edo urrunegi dauden zuhaitzen artean mugitzeko soilik jaitsi ohi dena zuhaitzetatik. Egunean zehar soilik dira aktibo, egunsentian eta ilunabarrean bereziki. Hala ere, ezberdina da katagorriaren egunean zeharreko jarduera urtaroaren arabera. Honela, elikagaiak ugariak diren garaietan, udazkenean batez ere, eguna hauek bildu eta habian gordetzen pasatzen du. Honi esker, neguko egun hotzetan eguzkiak berotzen ez duen bitartean habian egoteko aukera izaten du bertan bilduriko elikagaiez elikatzen. Neguan, beraz, katagorriak ez du hibernatzen, aktibo mantentzen da. Aipatzekoa da, bestalde, udako egun beroenetako ordu beroenak ere, eguerdi aldekoak, habian igarotzen dituela deskantsuan.
Oro har animalia bakartia da, ugal garaitik at arrak talde txikitan elkartzeko ohitura badute ere. Pixa baliatzen dute beraien lurraldeak mugatzeko.
Habiak zuhaitzetan egiten dituzte. Kanpoaldetik itxura borobila izaten dute eta barrutik, berriz, landare-materialez horniturik egon ohi dira; likenak, adartxoak eta hostoak maizen. Gainera, bi irekigune izaten dituzte sartu-irtenerako. Bietatik bat, normalean, nabarmen txikiagoa izaten da, barrutik taponatu ahal izateko. Badirudi bi irekigune izatearen arrazoia harraparietatik ihes egiteko aukera handiagoa izatea dela.
Gatibutasunean 10 urte bizitzera irits badaitezke ere, naturan aske gehienez ere 6 urtera iristen dira, oro har hiru urtera soilik iristen badira ere. Banako gazteen hilkortasun-tasa oso altua da, bizi duten lehen neguan gazteen % 70-80 hiltzen delarik. Ondorengo neguetan, hilkortasun-tasa % 50ekoa dela estimatzen da. Hilkortasun maila hau udazken-neguko hazi eskuragarritasunaren menpekoa da batez ere.
Garrasi karrankari eta soinu zakarrak egin ohi dituzte, inoiz “txuk txuk txuk” gisako soinu lehor eta azkarrak ere tartekatuz.
Aipatzekoa da, azkenik, igerian txukun egiteko gai dela katagorria.