Zozoa oso ugaria da Euskal Herrian, gehiago alde atlantiarrean mediterraniarrean baino. Autoktonoa da hemen, espezie egonkorra eta migratzaile partziala. Migratzaile partzialak banako batzuk migratzen dutela eta besteak kumatze-lekuan geratzen direla esan nahi du, baina espeziea banatzen den latitudearen arabera guztiz migratzailea edo ez migratzailea ere izan daiteke.
Zozo arrunta
Turdus merula

Deskribapena
Antzeko espezieak
Turdus torquatus
Sturnus unicolor
Sturnus vulgaris
Banaketa
Paleartikoan, Indian eta alde Orientalean dago, hainbat subespezietan banatuta (Clement & Hathway 2000). Europa epelean, beti ere Zirkulo Polar Artikoaren azpitik, Afrika iparraldean, atlantikoko irletan (Madeira, Azores, Kanariar irlak) eta Asia hegoaldeko zati handi batean ageri da. Australian eta Zelanda Berrian kanpotik eramana da. Euskal Herrian ere banaketa ia erabatekoa da, baina Piriniotako goi-mendietan zozo paparzuriak ordezkatzen du.
Penintsulako zozo arruntak sedentarioak dira, ez dute migratzen. Ale gazteek dispertsio mugimenduak egiten d¡tuzte. Halere, penintsulara Europa erdialdeko eta iparraldeko populazio migratzaileak etortzen dira.
Habitata
Habitat bereko espezie gehiago
Elikadura
Omniboroa dela esan daiteke. Animaliei dagokionez intsektuak eta oligoketoak dira nagusi bere dietan, baina arrainak eta apoak ere aipatu izan dira (Valverde 1967). Bere dieta gizakiak eragina izan duen inguruetan aztertu da bereziki, eta litekeena da zizareen garrantzia baxuagoa izatea bere inguru naturalean. Gainera jatorri begetaleko elikagaien kantitateak animali jatorrikoena gainditu ohi duenez, zizareak eta intsektuak jaten dituen animalia fruitujale modura defini daiteke (Guitián et al. 2000). Halere animali jatorriko elikagaiak oso garrantzitsuak dira dira espezie honentzat, beharrezkoa baitute egunero hiru gramo intsektu edo beste animaliaren bat jatea, beren beharrizan proteikoak asetzeko.
Animalia fruitujalea denez hainbat moldaera ditu: fruitujaleak ez diren beste espezie batzuk baino moko zabalagoa, elikagaien hestean zeharreko bide motzagoa eta potentzialki toxikoak diren metabolito sekundarioekiko jasankortasun altua (Herrera 2004).
Ugalketa eta ontogenia
Araldian abendu bukaeran sartzen dira, eta bereziki otsaila erdi aldera (Noval 1988). Arrak buztana zabaldu eta posizio bertikalean jartzen du, aldi berean lepoa uzkurtzen du eta bere gorputzak bola beltz baten itxura hartzen du, erdian moko hori-laranjaxka deigarria ageri duena. Honen aurrean lumak arrotzea da emearen erantzuna. Aralditik kanpo arra da dominatzailea eta araldian emea. Arraroak dira arren arteko borrokak.
Kumaldian 3-5 arrautza jartzen ditu, ia beti lau. Euskal Herrian arraroa da apirilaren hamarra baino lehen errutea (Noval 1975) eta bi gurasoek elikatzen dituzte kumeak.
Kumeek amak txitatzea behar dute jaio eta lehen hiru edo lau egunetan ez baitira gai beren gorputzeko tenperatura erregulatzeko. Kabia hamahiru egunera uzten dute, eta landarediaren artean ezkutatzen dira gurasoek elika ditzaten. Kumeen elikatzea gurasoen artean partekatzen dute, baina arrak kumaldi osoan zehar elikatuko ditu emea kabi berri bat eraikitzen hasten bada. Hiru aste inguru igarotzen dituzte kumeak zaintzen, hauek sakabanatzen diren arte (Noval 1975). Bi sexuak beren lehenengo udaberrian ugaltzen dira lehen aldiz, helduek egin ondoren.
Bizimodua
Altuera baxuan egiten du hegan distantzia laburretan; distantzia luzeetan aldiz bizkorrago, uhin-mugimendu gutxirekin eta beti lerro zuzenean potentzia nabariaz. Oso zaratatsua da eta larrituta dagoenean txilio asko eta oso ozenak egiten ditu. Normalean ez da pausatzen leku altuetan, arra salbu kumatze garaian kantatzeko. Kokaleku hauek 1,5-10 m-ko altuera izaten dute (Noval 1975). Migratzaileak sedentarioak baino taldekideagoak dira.
Espezie monogamoa da (Cramp 1988), eta ale ez-migratzaileetan ohikoa da bikoteak bizi osorako mantentzea. Espezie bakartia eta lurraldekoia da, lurraldea funtsezkoa da parekatzeko eta kumeak hazteko. Normalean lurralde bateko bi sexutako aleak izan ohi dira oldarkorrak beste zozoekin; kumatze garaian beren sexukoekin bereziki, eta hemendik kanpo guztiekin berdin. Bikoteko banakoen oldarkortasuna bikote gabekoekiko lurraldeen mugan ematen da, bereziki kumatze garaiaren hasieran, lurralde berriak topatzen ari direnean (Cramp 1988). Kabia jartzeko lekua bikoteak bilatzen du baina azken erabakia emeak hartzen duela dirudi, eta habia emeak egiten du. Normalean kabia berria egiten dute kumaldi bakoitzean, baina zenbaitetan kabi berean kumatzen dute denboraldi guztian, eta baldintza metereologikoek lagunduz gero, hainbat udaberri igaro ditzakete habi berean.