Landare honek jatorria Europako kostalde atlantiarrean du. Genero berdineko huntz arruntaren antz handia du, hau ere igokari edo herrestaria izan daiteke eta. Baia moduko fruituak garatzen ditu, beltz edo berde lun kolorekoak. Ingurune hiperhezeak eta itzaleztatuak behar ditu. Sendabelar bezala erabilia izan da.
Huntz atlantiarra
Hedera hibernica

Morfologia
Landare igokari zurtua da, 30 metro edo gehiago haz daitekeena. Haitz, enbor, hesi edo beste edozein euskarri topatzen badu, adarretan hazten zaizkion sustrai arrotzei esker bertara finkatu eta goienera igotzen da. Baina igotzeko tokirik aurkitzen ezean, lurretik etzanda hedatzen da. Adarrak malguak dira, brontze-gorrixka kolorekoak eta moztean usain lurrunkor gozoa askatzen dute.
Hostoak
Hostoak larrukarak eta lustredunak, berde ilunak gainaldean, zurbilagoak azpialdean eta txorten luzekoak dira. Hostoak bi eratakoak dira. Lore adarretakoak osoak dira (batzuetan hiru lobuluekin), orokorrean eliptikoak edo obatuak eta batzuetan lantzeolatuak izan daitezke. Adar antzuetako hostoak kordiformeak edo palmatilobulatuak dira, (0)3(5) lobuluekin.
Loreak
Unbela (10)20-35 lorrekin osatzen da. Loreak berde-horixkak dira. Petaloak deltoideoak dira eta berde-horixkak dira, anterak bezala.