Zumar dilindaria zuhaitz hostogalkorra da, klima epel-hezeetako urertzetan aurkitzen dena, ibai handien inguruan edo lurzoru hezeetan zehar. Gune urperatuetan, hau da, baldintza anoxikoetan bizirauteko gaitasuna duen zumar bakarretakoa da. Europa erdian eta ekialdean zehar banatzen da. Europan arrarotzat hartzen da eta uholdeak ohikoak diren guneetan babestuz aurrera egiten du. Gainontzeko zumarretatik erraz bereizten da lorek zintzilikariak eta hauen pedizeloa luzea dutelako, samararen ertzak ziliatuak dituelako eta hosto azpialde guztia ilaunduna delako. Zumar amerikarrarekin (U. americana) estuki erlazionaturik dago; alogamoak dira. Polena eta haziak haizearen bidez banatzen ditu.
Zumar dilindaria
Ulmus laevis

Morfologia
Hostoak
Loreak
Fruituak
Antzeko espezieak
Ulmus americana
Zumar amerikarra Ipar Amerikan jatorria duen espeziea da, zumar dilindariarekin ahaidetua dagoena. Oso zuhaitz gogorra da, -42ºC-ko tenperaturak jasan ditzakena. Heldutasun sexuala 150 urterekin garatzen du, nahiz eta gaur egun hori oso zaila izan grafiosia dela eta.
Ulmus minor
Oin asimetrikoa du eta hostoaren lobulu basala periantoa baino motzagoa delako bereizten da, baita fruitua samararen goiko lehen herenean kokatua duelako ere.
Ulmus glabra
Zumar hostozabala Ulmus generoko hostorik handienak dituena da eta gainontzekoak baino enbor azal leunagoa du. Altitude handiagoetara igotzen da mendian bere ahaideekin konparatzen badugu, esaterako zumar hostotxikiarekin (U. minor).
Banaketa
Europa erdialdean, ekialdean eta hego-ekialdean aurkitzen da, baita Asia Txikian ere. Frantzia ipar-ekialdetik Finlandia hegoalderaino zabaltzen da, ekialdean Uraletaraino eta hego-ekialdean Bulgaria eta Crimearaino iristen da. Inguru hauetan arraroa edo galtzeko zorian dagoen espeziea da.
Orain gutxi arte, Iberiar penintsula iparraldeko zumar dilindariaren aleak, hasiera batean landatutako aleetatik naturalizatu zirela uste zen. Duela gutxiko azterketa batzuek (Fuentes-Utrilla 2008) baieztatu dute populazioen izaera espontaneoa dela. Espeziea azken izotzaldietan zehar klima leunagoko babeslekuetan mantendu da. Beraz, Zamora, Soria, Nafarroa eta Gipuzkoako populazioak espontaneoak eta erreliktikoak kontsideratzen dira.
Euskal Herrian ipar erdiko ibai batzuen ertzetako ibar-basoetan aurkitzen da eta, populazio honek berezko banaketaren hegoaldeko muga osatzen du. Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat erreketan ezagutzen da, hala nola Urola (Zumaia eta Azpeitia udalerrien artean), Agauntza (Ataunen) eta Araxesen (Gaztelu eta Lizartza arteko gune babestuan). Populazio hauek nahiko ugariak dira, bereziki Urola errekakoa eta adin desberdinetako aleek osatzen dute. Arabako Batan ibaian erreferentzia bat dago, baina ez da espontaneoa kontsideratzen.

