Subklasea: Asteridae

  • Antennaria dioica

    Antennaria dioica

    Belartxo iraunkor hau mendebaldeko Piriniotan eta Kodes mendilerroko gune bakarrean baino ez da hazten, pagadiaren mailan kokatzen diren larreetan kolonia txikiak eratuz. Hori dela eta, 2010. urtetik ‘Galzorian’ bezala zerrendaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan. Antennaria izenaren jatorria latineko ‘antenna’ hitza da, eta lore arren kardilaunaren ileek intsektuen antenen forma beretsua izateagatik hartzen du izena.

  • Arnica montana

    Arnica montana

    Arnika landarea dagoeneko XII. mendean aipatu zuen Santa Hildegardak. Izan ere, aspaldidanik dira ezagunak landare honen propietate anitzak eta hori dela eta oso erabilia izan da pomadak egiteko eta sendabelar modura. Landare honen gehiegizko erabileragatik, hala ere, bere populazioen gutxitze nabaria eman zen eta egun, Euskal Herrian ‘Kaltebera’ bezala sailkaturik dago.

  • Asperula hirta

    Asperula hirta

    Landaretxo hau Piriniotako endemismoa dugu. Euskal Herrian, Aizkorri mendian bakarri aurkitu da, eremu laiotzetan dauden kareharrien pitzaduretan eta lainoa nagusi den tokietan. Hala ere, populazio honen ale ugalkorren tamaina handia da eta toki zailetan bizi dela eta, ez du pairatzen gizakiaren asaldurarik. Hori dela eta, EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian ‘Bakana’ bezala sailkaturik dago.

  • Aster alpinus

    Aster alpinus

    Europako goi-mendietako landarea dugu hau, bere izen espezifikoak (alpinus) dioen modura eta Euskal Herrian ere zenbait mendilerrotan aurki daitezke populazio txikiak. Bere itxura polita dela eta mendizale askok jaso dute urteetan zehar eta momentu honetan ‘Bakana’ bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian.

  • Aster willkommii

    Aster willkommii

    Iberiar Penintsulako erdialdean eta ekialdean aurkitzen den endemismoa da, mendebaldeko mediterraneoko mendietan bakarrik hazten den landaretxoa. Euskal Herriari dagokionez, Araban eta Nafarroan bakarrik aurkitu da eta ‘Bakana’ bezala sailkaturik dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Arrisku faktorerik handiena oso populazio txikiak eta banako gutxi izatea da, landare honen populazioak Euskal Herrian Arabako mendebaldera eta Nafarroako ekialdera mugaturik baitaude.

  • Centaurea lagascana

    Centaurea lagascana

    Espezie hau Iberiar Penintsulako hego-mendietako endemismoa dugu. Euskal Herrian soilik Kodes mendilerroan agertzen da eta Kaltebera bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen katalogoan. Belartxo hau oso eguzkizalea da eta beraz, populazioentzako arriskurik handiena inguruko landaredia gehiegi hedatzea litzateke.

  • Fraxinus excelsior

    Fraxinus excelsior

    Lizarra, Euskal Herrian begirune bereziko zuahaitza izan da aspaldidanik eta oraindik ere urtero San Juan egunean (udako solstizioan) lizar-adarrak ipintzen dira baserri eta etxeetako ateburuaren alde banatan, etxe-babesle gisa. Gainera, euskal toponimian eragin handiko zuhaitza izan da eta horren adierazle ditugu Lizardi, Lizarraga… bezalako abizenak, baita Lizarra herria bera ere.

  • Fraxinus ornus

    Fraxinus ornus

    Lizar loreduna EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan ‘Bakanak’ kategorian sailkatuta dagoen espeziea dugu eta modu naturalean, Arabako Badaia-Arrato mendizerran baino ez da aurkitzen. Gure latitudeetako beste lizarrek ez bezala, lizar honen loreek ondo garatutako lau petalo handi dituzte, izen arrunta ematen diotenak hain zuzen ere.

  • Phyteuma orbiculare

    Phyteuma orbiculare

    Goi mendietako argiguneetan hazten den landare polit hauskorra dugu hau. Mendizaleen arreta deitzeko moduko lore urdin-morexkak garatzen ditu udaberrian eta Grimm anaien arreta ere bereganatu zuen, Rapunzel ipuineko lore magikoa baitzen hauxe.