Mulutxo hau Bizkaiko Golkoko zonalde atlantiar-pirenaikoko endemismoa da eta Lapurdi zein Gipuzkoako kostaldeko zenbait dunatan hazten da, Bizkaiko kostaldetik erabat desagertu baita. 2011. urtean EAEko espezie mehatxatuen katalogoan ‘Kaltebera’ bezala sailkatu zen eta galtzeko arriskuan dagoela uste da.
Subklasea: Dilleniidae
-

Arctostaphyllos alpinus
Zuhaixka nano hau txilardi alpetar eta borealetan hazten da eta Euskal Herrian, soilik Larra-Aztaparretako zonaldean eta Iparraldeko eskualde isolatu batzuetan aurki dezakegu. Hori dela eta, 1997. urtetik Nafarroako Espezie Mehatxatuen zerrendan ‘Sentikorra’ bezala sailkaturik dago.
-

Calluna vulgaris
Ainar edo txilar arrunta, izenak dioen moduan, Euskal Herrian dugun txilar arruntenetako bat da. Arrosa koloreko loredun landare hau Europa osoan zehar banaturik dago baina ugariagoa da eskualde mediterranearrean. Euskal Herrian hedadura handia dauka eta itsas mailatik eta mendi garaietaraino zabaltzen da, hainbat baso-mota ordezten dituzten txilardien parte osatuz. Hala ere, hegoalderantz joan ahala urrituz doa.
-

Cardamine heptaphylla
Landare belarkara hau Europako mendebaldeko landare orofitoa dugu. Suitzako mendebaldetik eta Alemaniako hego-mendebaldetik Euskal Herriraino doazen mendietan zehar hedatzen da. Pirinioetan nahiko ohikoa da eta populazio handi eta ugariak osatzen ditu baina mendebalderantz askoz arraroagoa da, eta hain zuzen ere, landare honen mendebaldeko muga Araban, dago. Hori dela eta, ‘Galzorian’ bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen katalogoan.
-

Erica arborea
Iñarra, mundu mailan asko hedatu den txilarra dugu. Lore zuriko landare hau eskualde mediterranearreko espezie tipikoa da eta bere latinezko izenak dioen moduan, beste txilarrak baino handiagoa da, zuhaitz txiki baten itxurakoa. Baldintzak egokiak direnean 7 metroraino luzatu daiteke baina Euskal Herrian, gehienetan ez ditu 4 metroak gainditzen.
-

Erica ciliaris
Zuhaixka txiki hau Europako mendebaldean eta Afrikako iparekialdean zehar banaturik dago. Euskal Herrian, iparraldeko mendiguneetan agertzen da txilardiak eratuz. Kolore deigarriko petalo arrosak ditu eta hori dela eta, zenbaitetan landare ornamental modura ere saldu egiten da.
-

Erica cinerea
Ainar arruntaren (Calluna vulgaris) antzeko espeziea dugu hau baina bere izen espezifikoak dioen moduan, ainar purpurak itxura errauskara du eta hostoek kolore morexkak aurkezten dituzte zenbaitetan. Europako erdialde eta mendebaldean zehar banaturik dago eta Euskal Herriko iparraldeko mendiguneetan erraz ikusi daitekeen espeziea da.
-

Erica lusitanica
Portugal txilarra Iberiar Penintsulako eta Frantziako ipar-mendebaldeko endemismoa da. Lore zuriko txilar hau itsas mailatik 800 metrora aurki dezakegu, sasiarte hezeetan zein txilardietan eta beste txilar gehienak ez bezala, honako hau neguan loratzen da, abendutik martxora bitartean.
-

Erica scoparia
Erratz-txilarra zuhaixka itxurako txilarra dugu baina forma berdineko txilarrek ez-bezala, honek lore hori-berdeak ditu. Eskualde atlantiko-mediterranearrean hazten den espeziea da eta Euskal Herrian, bereziki Nafarroan da ugaria.
-

Erica tetralix
Txilar lauhostoa zohikaztegietan hazten den txilarra dugu. Zuhaixka honek lore ugari izaten ditu adarren muturrean eta launaka multzokatzen diren hosto txikiak, espezieari izena ematen diotenak. Europako ipar-mendebaldean zehar zabaldurik dago.
