Phyluma: Chordata

  • Motacilla cinerea

    Motacilla cinerea

    Ibai eta erreketara oso lotuta dagoen txori txiki bat da buztanikara horia. Geldirik dagoenean buztan luzea etengabe mugitzen du gora eta behera, hori da ziurrenik espezie hau ikustean arreta deitzen duen ezaugarri nabarmenena. Hori eta ibai inguruko eraikinetako leihoen kontra jotzeko daukan “erraztasuna”: kristalen islada ur-geruzarenarekin nahasten du, antza, eta berau zeharkatzen saiatzen da.

  • Mus musculus

    Mus musculus

    Karraskari txiki hau sagu guztien artean arruntena dugu. Gizakiarekin erlazionatutako eremuetan bizi da batik bat eta ondorioz, kalte handiak eragiten ditu maiz, giza kontsumorako edo abereentzako ziren elikagaiak janez.

    Hala ere, etxe sagua etxekotu egin du gizakiak eta funtzio desberdinetarako erabiltzen da egun, denetan ezagunena laborategirako animalia eredu modura. Dudarik gabe, genetikoki eraldatutako ugaztunik erabiliena da sagutxo hau.

  • Mus spretus

    Mus spretus

    Landa-sagua eremu mediterraneoko sagutxoa dugu. Etxe saguarekin estuki ahaidetutako espeziea da eta, biak oso antzekoak diren arren, izenak dioen bezala, landa sagua arruntagoa da eremu mediterranearreko landa eremuetan eta etxe sagua, aldiz, antropizatutako lekuetan.

  • Mustela erminea

    Mustela erminea

    Karniboro txiki hau gurean ikusi ahal izateko Bizkaiko mendebaldea edo Nafarroako Belagua bisitatu beharko dugu. Erbinude zuriaren bereizgarri nagusia buztan puntan duen orban beltza da; ezaugarri hau da, gainera, beste mustelido txikiengandik desberditzeko ezaugarri bistakoena. Neguan, ilajea erabat zuria duenean ere, buztan punta beltza mantentzen du.

  • Mustela lutreola

    Mustela lutreola

    Denbora pasa ahala gero eta ezagunago egiten ari den arren gure faunako ugaztun ezezagunenetarikoa da ur-ipurtatsa edo bisoi europarra. Bereganako interesaren arrazoi nagusia, bere banaketa jasaten ari den murrizketa da. Joan den mendearen erdialderarte Erdialdeko Europaren zati handi bat betetzen zuen animalia hau, desagertzeko arrisku larrian da gaur egun, eta bere populazio bideragarri bakarrak iberiar penintsularen iparraldean eta Frantzia hegoaldean aurkitzen dira. Honen errudun nagusitzat bere habitataren suntsipena eta bisoi amerikarraren sarrera jotzen dira.

  • Mustela nivalis

    Mustela nivalis

    Erbinudea karniboroen ordeneko espezierik txikiena izan arren, ehiztari bikaina. Iberiar Penintsulan ilajea ez zaio aldatzen neguan, baina latitude altuagoetan, kolore zuria hartzen du urteko hilabeterik hotzenetan. Mundu osoan espeziea 10 subespezietan banatzen dela adostua dago, baina azterketa filogenetiko berrienek erbinudearen taxonomian aldaketak ekarriko dituzte datozen urteetan.

  • Mustela putorius

    Mustela putorius

    Ipurtatsa Euskal Herri osoan zehar zabalduta dago, hala ere, datuen arabera, bere populazioen tamaina txikia dela dirudi. Horrela, EAE-ko eta Nafarroako katalogoetan “Interes Bereziko” espezie gisa sailkatuta dago. Espezie honen mehatxu nagusiak, harrapaketak eta bere habitataren eraldaketa dira. Halaber, espezieak nozitu duen parasitosi gaixotasunak ere eragin kaltegarria izan du bere populazioengan.

  • Myodes glareolus

    Myodes glareolus

    Rodentia familiako karraskari txikia da lursagu gorria (Myodes glareolus), gurean agertzen den subespeziea, Iberiar Penintsulako gainontzekoekin alderatuta, tamaina txikiagokoa izan ohi delarik. Maiz, larre-lursaguarekin (Microtus agrestis) nahasten da animalia hau, izan ere, jubenilen ilaia gris kolorekoa izan ohi da, larre-lursagu helduetan aurki daitekeenaren oso antzekoa. Hala ere, helduen ilaia kolore gorrixka oso berezikoa da, animalia honen bereizgarri izan daitekeen ezaugarria, hain zuzen ere. Gaur egun ez du inolako kontserbazio-arazorik espezie honek.

  • Myotis bechsteinii

    Myotis bechsteinii

    Bechstein saguzarra baso zaharrei loturiko saguzar espeziea da. Banaketa zabala izan arren, populazioak oso lokalizatuak dira eta egungo eskasia nabarmena da Pleistozenotik Neolitikorainoko erregistro fosilean ikusiriko maiztasunarekin alderatuta. Zaurgarri kontsideraturiko espeziea da, eta baso zahar eta zuhaitz hilak mantentzea ezinbestekotzat jotzen da espezie honen biziraupena bermatzeko.

  • Myotis blythii

    Myotis blythii

    Tamaina handiko saguzarra da, Myotis myotis generokidearen oso antzekoa, kopetako orban zuririk ez duen kasuetan, batez ere. Banaketa zabala du baina ez da oso ugaria, eta Euskal Herrian ez dira kolonia asko aurkitu. Iberiar penintsulan 50 kumatze-kolonia ezagutzen dira eta zaurgarri kontsideraturiko espeziea da. Urte luzetan zehar zenbait autorek M. myotis espeziearen subespezie kontsideratu dute, M. myotis oxygnathus izenarekin.