Phyluma: Chordata

  • Myotis emarginatus

    Myotis emarginatus

    Geoffroi saguzarra Euskal Herriko kobazuloetan aurki daitekeen Myotis generoko saguzarrik arruntena da. Europa erdi eta hegoaldean, Afrika iparraldean eta Asia mendebaldean hedaturik dago eta Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke. Askotariko inguruneak erabiltzen ditu ehizarako eta gleaning teknika darabilen Europako saguzar gutxi horietako bat da.

  • Myotis myotis

    Myotis myotis

    Saguzar arratoi-belarrien edo Myotis generoko saguzarren artean Europako espezie handiena da Myotis myotis. Saguzar arratoi-belarri ertainaren (M. blythii) oso antzekoa da, nahiz eta azken honek, normalean, orban zuria izan ohi duen kopetan. Espezie kabernikola da eta baso edota landaredi ugariko inguruneak atsegin ditu. Banaketa Europa eta Afrika erdialdera mugatua du.

  • Myotis nattereri

    Myotis nattereri

    Europa mendebaldetik Asia erdialderaino hedaturik dagoen saguzar espezie txiki hau afera taxonomiko  baten barruan dago egun. 2006an plazaraturiko ikerketa baten arabera, Iberiar penintsulako ustezko M. nattereriak genetikoki Europako gainerakoengandik aldendurik daudela ikusi da (Ibáñez et al. 2006). Euskal Herrian aurki daitekeen M. nattereria, ordea, ez da Iberiar penintsulako gainerakoen modukoa baina Europa osoko azterketa filogeografiko zabalak egin bitartean, Europa iparraldean aurki daitekeen betiko taxonaren barruan mantenduko dugu.

  • Natrix maura

    Natrix maura

    Euskal Herriko Natrix generoko bi sugeetako bat da honako hau, sugegorriekiko antzekotasun morfologiko handiagatik ezaguna; hortik datorkio, hain zuzen izena. Dena den, suge hau, gainerako kolubrido gehienak bezala, ez da pozoitsua. Ingurune urtarretan eta horien inguruan oso ohikoa da, eta igerilari trebea da. Euskal Herriko lurralde osoan topa daiteke.

  • Natrix natrix

    Natrix natrix

    Espezie honetako indibiduo gazteek beltzez inguraturiko gorbata zuri-horia izan ohi dute, hortik datorkio izen arrunta. Bere mugitzeko modu traketsa dela eta, erraz harrapatu daiteke, gainera, ez da pozoitsua. Euskal Herri osoan aurki daiteke.

  • Neomys anomalus

    Neomys anomalus

    Ingurune urtarrei loturiko tamaina ertaineko ur-satitsu hau, ingurune mediterraneoetan ugariagoa izan arren, Euskal Herriko lurralde osoan aurki daiteke. Izaera iheskorra du eta ez da erraza izaten aurkitzea. Gure lurraldean antzekotasun morfologiko handier dune ur-satitsu hankazuria baino espezie arraroagoa da.

  • Neomys fodiens

    Neomys fodiens

    Euskal Herriko ur-satitsurik arruntena eta ugariena da, naiz eta ez den erraza izaten animalia honekin topatzea. Ur-inguruneetan bizi da, erreka inguruetan, batez ere, eta gainerako satitsuak baino tamaina handiagoa du. Ezaugarri kraniometrikoak kontutan hartuta bi subespezie banatzen dira: N. fodiens fodiens eta N. fodiens niethammeri (Bühler 1996), eta bigarren hori da Euskal Herrian aurki daitekeena.

  • Neophron percnopterus

    Neophron percnopterus

    Sai paleartikoen artean txikiena da sai zuria. Negua Afrika tropikalean igarotzen dute eta martxoaren hasiera aldera iristen dira Euskal Herrira. Sarraskijalea den arren beste saiak baino askoz oportunistagoa da elikadurari dagokionez; ehiztari, arrantzale, arrautza lapur edo koprofago ere izan daiteke. Animalia honen berezitasunik nabarmenena arrautzak apurtzeko duen metodoa da, Afrikan ikusi denez arrautzak lapurtzean harrien kontra jaurti eta apurtzen dituzte gero jan ahal izateko, eta ostruken arrautzak bezalako arrautza handien kasuan berriz harriak botatzen dizkie behin eta berriz oskola apurtu arte. Jokabide honen ondorioz sai jakintsua izengoitia irabazi dute, eta tresnak erabiltzen dituzten hegazti apurren taldean sartu dira.

  • Neovison vison

    Neovison vison

    Bisoi amerikarra Euskal Herriko Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan (EEI) jasota dago. Jatorriz Ipar Ameriketakoa izanik, bere gogortasun eta malgutasun ekologikoak espeziearen hedapena ahalbidetu du; Asia, Europa eta Zelanda Berriko hainbat eremutan espezie inbaditzaile gogorrenetariko bat bilakatuz. Espeziea aloktonoa den ekosistemetan kalte ugari eragiten ari da. Nabarmenena, Bisoi europarrari eragiten dion lehia interespezifikoa da, espeziea bere banaketa eremutik kanporatuz.