Phyluma: Chordata

  • Pelophylax perezi

    Pelophylax perezi

    Ur-igel arrunta Iberiar penintsulako espezie autoktonoa da. Izenak dioen moduan, uretan ematen du bere bizitzaren gehiengoa eta bere kolore berde-arreak ur-landareekin mimetizatzea ahalbidetzen dio. Azken urteotan, Pelophylax ridibundus espezie exotikoa, gure ur-igela desplazatzen ari dela ikusi da. Gainera, P. ridibundus eta P. perezi ugaltzeko gai dira, P. esculenta hibridoa emanez, ondorioz, gure ur-igelaren populazioak arriskuan jarriz.

  • Pernis apivorus

    Pernis apivorus

    Gurean oso ugaria den baina goria bezain ezezaguna den espeziea da zapelatz liztorjalea. Hegazti bitxia da gainera, izan ere ez da batere harrapari txikia, baina harrapari guztietan dietarik espezializatuena du, eta bere tamainarekin erkatuta elikagai txikienak jaten dituen hegaztia da. Euskal Herriko zeruetatik udan milaka ale ikus daitezke Afrikarako bidean.

  • Phocoena phocoena

    Phocoena phocoena

    Bizkaiko golkoko zetazeo txikiena da eta kostatik gertuen bizi dena. Bizkar-hegatsak triangelu-forma du eta ez du moko-itxurako muturrik. Aitzinean gure portu eta kostaldean espezie arrunta zen, baita badia eta estuarioetan ere, baina azken 50 urteotan ia guztiz desagertu da gure itsasoetatik.

  • Phoenicurus ochruros

    Phoenicurus ochruros

    Passeriformes ordeneko hegaztitxoa da buztangorri iluna. Izenak dioen bezala bere kolore ilunarekin ikusgarri egiten den buztan gorriarengatik da bereizgarri, eta labarretako hegaztia den arren geroz eta ohikoagoa da animalia txikia hau hiriguneetako parke edota jardinetan aurkitzea.

  • Phoenicurus phoenicurus

    Phoenicurus phoenicurus

    Euskal Herrian udan soilik ikusteko aukera dugun txoria da buztangorri argia. Buru erdia beltza du eta buru gainean lerro txuri bereizgarri bat du, baita buztan gorri ikusgarria ere, izena ematen dioena hain zuzen ere.

  • Pica pica

    Pica pica

    Bere kolore eta hegaldi ederrarengatik bezain ezaguna da txori hau bere kantu lehor eta errepikakorragatik. Egoera onean dagoen hegaztia da eta Euskal Herri guztian aurki daiteke, kostaldeko gune hezeetatik hasi eta isurialde mediterraniarreko ingurune lehorretaraino.

  • Picus sharpei

    Picus sharpei

    Tamaina ertaineko okila da, Dendrocopos generoko espezieak baino handiagoa, baina okil beltza baino txikiagoa. Kolorazio berde oso bereizgarria du, eta horrexegatik, Euskal Herrian urretxoriarekin bakarrik nahas daiteke. Habia enborretan egiten duen arren, egur-azaleko eta lurreko intsektuez elikatu ohi da, inurriez batez ere. Okilen artean baso zaharrekiko lotura txikiena duen espeziea da. Orain gutxira arte Picus viridis espezieren barruan sailkatzen zen arren, Iberiar penintsulako okil berdeei Picus sharpei espezie kategoria eman zaie berriki (Perktas 2011; Pons et al. 2011).

  • Pipistrellus kuhlii

    Pipistrellus kuhlii

    Hain ezaguna den pipistrelo arruntaren oso antzekoa da Kuhl pipistreloa, bai tamainan, bai itxuran, baita bizi ohituretan ere. Esaterako, oso ohikoa da saguzar hau kale-argien inguruan hegan ikustea, argiak erakarritako intsektuak ehizatuz. Gainera, utzitako eraikinak eta mendiko bordak ere gustuko ditu. Honenbestez, oso ohikoa da identifikatzen saiatu eta bi espezieak nahastea.

    Naturzalearen zorionerako, baina, banaketari dagokionean badago ezberdintasunik. Kuhl pipistreloa ugariagoa da isurialde mediterraneoan, arrunta bi isurialdetan antzeko homogeneotasunarekin eta ugaritasunarekin banatuta dagoen bitartean.

    Bistan denez, ez da erraza animaliatxo hau identifikatzea, beraz, animatu gehixeago irakurtzera eta ezagutu Kuhl pipistreloa.

  • Pipistrellus nathusii

    Pipistrellus nathusii

    Nathusius pipistreloa Paleartikoaren mendebaldean aurki daitekeen saguzar intsektiboroa da. Baso hostoerorkor eta koniferoetan bizi ohi da eta migratzailea da, neguko baldintza txarretatik ihes egiten duelarik.

  • Pipistrellus pipistrellus

    Pipistrellus pipistrellus

    Euskal Herriko saguzarren artean ikusienetakoa eta ezagunenetakoa da pipistrelo arrunta, tamainaz Europako txikienetakoa izan arren, giza jarduerekin lotutako eremuetan aurkitzea oso ohikoa baita. Kale-argien inguruan pilatzen diren intsektu multzoak ehizatzen ibili ohi da sarritan eta landa eremu zein herrietako eraikin zahar edo erdi abandonatuetan bilatzen du babesa uda partean. Batzuetan, kolonia handi xamarrak sortzera ere heltzen dira, batez ere uda amaieran.

    Berriki Pipistrellus pipistrellus bezala ezaguna zen espezietik bi espezie ezberdin bereiztu dira, bata izen zaharrarekin gelditu den pipistrelo arrunta eta bestea, Pipistrellus pygmaeus, izen arruntez pipistrelo mediterraneoa. Beraz, egun aurkitu daitekeen informazio gehiena banaketa aurretik sortutakoa da. Lan honetan ere, ziurrenik, ez da bereizketa egokirik egingo.