Euskal Herrian sorginkeriarekin erlazionatua izan da anfibio buztandun hau, batez ere duen pigmentazioa dela eta. Beste hainbat herrialdetan ere sorginen edota suaren sinbolotzat hartua izan da, horren adierazle garbia dugu ingelesez arrabioak duen izena: ‘fire salamander’. Kondairak kondaira istorioak istorio, ukaezina dena, ornodun hau berezi eta erakargarria dela dugu eta gure faunaren artean aurkitzen dugunez gero, merezi du hau ikertu eta, bide batez, mirestea.
Phyluma: Chordata
-

Sciurus vulgaris
Europan banaketa zabalenetarikoa duen katagorria da Sciurus vulgaris, izan ere, habitat natural ezberdin askotara moldatzeko gaitasuna izateaz gain, herri eta hirietako parke eta lorategietan ere ugariak dira maiz. Ingurune hauetan, gainera, gizakiak dien sinpatiagatik egokiro bizitzea lortu dute, hauengandik janaria eskuratuz sarritan.
Orain urte gutxira arte bere ilaiagatik ehizatua izan bada ere, egun jada debekatua dago katagorriaren ehiza Euskal Herrian. Edozein kasutan, mehatxaturiko espezieen zerrendan oraindik ez bada ere, inolako zaintzarik burutu ezean arriskupean suertatzeko aukera handia duen espeziea da Sciurus vulgaris.
-

Scolopax rusticola
Euskal Herriko ehiztariek ondo ezagutzen duten espeziea da oilagorra. Udazkenean iristen zaigu hegazti hau Euskal Herrira eta negua hemen pasa ostean, martxoan iparralderantz migratzen du berriro ere. Basoetan aurki daiteke baina orbel artean ezkutatzeko moduko kolore mimikoa du, ikusteko zail xamarra egiten duena. Bere ezaugarri bereizgarrietako bat mokoa da, luze eta estua, lurreko zizareak jan ahal izateko.
-

Sorex coronatus
Europa atlantiarrera mugaturiko espezie hau satitsu eurasiarraren (Sorex araneus) –Euskal Herrian ez dago- subespezie kontsideratu zen urte luzez, baina egun espezie kategoria esleitzen zaio. Sorex generoko gainerako satitsuen oso antzekoa da, baina hiru koloretako kolorazioak errazten du espezie hau identifikatu ahal izatea. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke Nafarroako Erriberan salbu.
-

Sorex minutus
Bere familiakoen artean txikiena, Euskal Herriko ugaztun ñimiñoenetarikoa da satitsu txikia. Generokideekin antzekotasun handia du, satitsu buztankarratuarekin batez ere, baina azken hori ez dago Euskal Herrian. Banaketa kontinental zabala duen espeziea da, eta gure ingurunean Nafarroako Erriberan salbu, gainerako lurralde guztian aurki daiteke.
-

Stenella coeruleoalba
Stenella generoko espezierik handiena da izurde marraduna. Mundu osoko itsaso epel eta tropikaletan bizi da, eta Kantauri itsasoko zetazeo espezierik ugariena da izurde arruntarekin batera. Hala ere, gutxitan hurbiltzen da kostaldera, ohitura pelagikoko espeziea baita.
-

Strix aluco
Euskal Herriko hegazti harrapari gautar arruntena da ziurrenik urubia, ulu bereizgarri eta ezaguna duen espeziea. Tamaina ertaineko harraparia da, eta Europa guztian, Afrika iparraldean eta Asia mendebaldean hedaturik dago. Batez ere baso hostoerorkorrei loturiko espeziea izan arren, askotariko habitatetan topa daiteke urubia, herrietako eta hirietako parkeetan barne. Ugaztun txikiez elikatu ohi da, eta ikusmen ona eta entzumen zorrotza erabiltzen ditu gauez ehizatu ahal izateko.
-

Suncus etruscus
Munduko ugaztunik txikienetariko bat da, eta, dudarik gabe, Euskal Herrian aurki dezakegun txikiena eta arinena. Europan ingurune mediterraneoan aurki daiteke, baina espezie honen banaketa Asia hego-ekialdeko uharteetarino iristen da. Euskal Herrian isurialde mediterraneoan bizi da, eta gainerako satitsuak baino ingurune lehorragoetan bizitzeko gai da.
-

Sus scrofa
Ia mundu osoan zabalduta dagoen ugaztun hau txerriaren senide basatitzat har dezakegu. Leku batzuetan desagertuta dago gizakiak akabatu duelako (Britainiar Irletan XIX. mendean desagertu zen); beste batzuetan, aldiz, gizakiak berak eraman du (Ameriketara eta Ozeaniara). Euskal Herriko basoetako animaliarik sinbolikoenetakoa dugu, animalia ederra izateaz gain, zinez basatia baita basurdea.
-

Tadarida teniotis
Euskal Herriko isurialde mediterranearrean aurki daitekeen saguzar hau Europako handienetariko bat da gau-saguzar handiarekin (Nyctalus lasiopterus) batera. Orain gutxi arte espezie arraroa zela uste zen arren, azken urteotako ikerketek mediterraneo inguruan nahiko ohikoa dela adierazi dute. Izan ere, irisgarritasun eskaseko inguruetan aurkitu ohi baita.
