Phyluma: Chordata

  • Uria aalge

    Uria aalge

    Euskal Herriko kostaldean negu partean agertzen zaigun espeziea da martina, potorro arruntaren antz handia duena, baina hura baino handixeagoa dena. Kostaldetik gertu arrantzatu ohi dute, eta zenbait kasutan portuetan ere ikusi ahal izaten dira, itsasoa zakar dagoenean, batez ere.

  • Ursus arctos

    Ursus arctos

    Hartz arrea munduko hainbat tokitan desagertzeko zorian dago. Gaur egun, Europako, Asia epeleko eta Ipar Amerikako baso trinkoak ugaztun handi honen azken gordeleku bilakatu dira. Eremu zabal honetan tamaina eta kolorearen arabera zortzi subespezie bereiz ditzakegu. Hauen artean, euren tamaina handiagatik ezagunak diren Grizzly hartzak (Ursus arctos horribilis) eta Kodiak hartzak (Ursus arctos middendorffi). Iberiar penintsulan, Asturiasen daude azken hartzak, Somiedo eta Narceako natur parkeetan. Historikoki, Pirinioetan animalia hauek bizi izan baziren ere, gaur egun oso gutxi gelditzen dira.

  • Vipera aspis

    Vipera aspis

    Sugeek oro har eta sugegorriek bereziki duten fama txarrak asko zaildu die bizitza animalia hauei. Gizakiak egindako jazarpenak kalte ikaragarriak egin dizkie sugegorrien populazioei, leku askotan desagertzeraino.  jazarpen hori erabat bidegabea da halere, sugegorriak animalia lasaiak dira eta ahal duten heinean ihes egiten diote gizakiari. Lasai ibiltzen dira beren bizilekuetan sugandilak, satitxuak eta abar ehizatzen eta, ez dio erasorik egiten gizakiari asko aztoratu ezean.

    Euskal Herriko sugegorrietan handiena da aspis sugegorria; 80 cm-ko luzeera gaindi dezake, baina, normalean, 60 – 65 cm-ko luzeera izaten du. Euskal Herrian, isurialde mediterraneoko mendietan aurkitzen da, Nafarroako Pirinioak eta Valderejoren artean.

  • Vipera latastei

    Vipera latastei

    Euskal Herrian banaketa mugatua duen sugea dugu Lataste sugegorria, soilik Nafarroa hego-ekialdean agertzen da. Bere morfologia dela-eta, gure herrialdean agetzen den Aspis sugegorriarekin (Vipera aspis) nahastu daiteke. Hala ere, lataste sugegorriak bereizgarria egiten dion sudur-apendizea aurkezten du, sugegorri hau benetan zoragarria egiten duen ezaugarria alegia.

  • Vipera seoanei

    Vipera seoanei

    Tamaina ertaineko sugegorria da Vipera seoanei. Iberiar penintsulako endemismoa da, Portugaleko ipar-mendebaldeko mendietatik Pirinioen mendebalderaino zabaltzen da. Euskal Herrian aurkitzen diren beste bi sugegorri-espezieekin alderatuz eremu freskoago eta hezeagoetan egoten da kantauriarra, hau da, sasietan eta, baso- zein larre-ertzetan dauden sastrakadietan. Isurialde atlantikoan arrunta da oso eta itsas mailaraino hel daiteke.

  • Vulpes vulpes

    Vulpes vulpes

    Azeri arrunta edo azeri gorria maltzurkeria eta zuhurtasuna uztartzen dituen animalia da. Bere zentzumen finez gain, sen berezia du haragijale honek kinka larrienetik ere irabazle irteteko. Ez da ez animalia bizkorrena eta ezta indartsuena ere, baina nola edo hala beti ateratzen du etekina aurrera jarraitzeko. Halakoa da bere ernetasuna, pertsonifikatu egin dela bere izaera (azeri zaharra da gure Ibon!). Indarraren gainetik maina eta zolitasunaz baliatzen da basoko ekosistemako jaunetako bat izateko.

  • Ziphius cavirostris

    Ziphius cavirostris

    Cuvier moko-balea, Ziphius generoko espezie bakarra da, eta banaketa zabalena duen zifidoa. Mutur laburra du beste zetazeo espezieekin alderatuz eta bere tamaina 6 m ingurukoa da. Espezie bakartia da, eta oso zaila da espezie honen inguruko ikerketak egitea, ikusteko zailak izaten direlako. Topatu diren ale gehienak lehorreratutako indibiduoak izaten dira. Ekokokapenak garrantzia handia du espezie honen ehiza-jardueran.