Euskal Herrian noiz behinka aurki dezakegun harraparia dugu zingira-hontza. Negua igarotzera migratzen du inguru hauetara eta larre edota hezeguneetan igarotzen dute garai hau, uda aldean berriro ere iparralderagoko guneetara joanez.
Phyluma: Chordata
-

Asio otus
Hontz ertaina Ipar Hemisferioko ia lurralde osoan hedaturik dagoen harrapari gautarra da, ugaria, eta kontserbazio arazo berezirik ez duena. Identifikatzeko erraza da buruaren gainaldean dituen belarri-xerlo handiei erreparatuz gero. Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke, era guztietako habitatetan, herri eta hiri handietako parkeetan barne. Ugaztun txikiez elikatu ohi da.
-

Athene noctua
Euskal Herrian Strigidae familiako hainbat espezie daude, eta hauen artean guztiongandik ezaguna den mozolo arrunta dugu. Hegazti honek orbain zuriz beteriko lumaia marroixka, eta begi handi eta horiak ditu. Animalia hau larretan aurkitzen diren hesien zutabeetan ezarrita ikustea nahiko ohikoa izaten da.
-

Balaenoptera acutorostrata
Zere txikia, Balaenoptera generoan aurkitzen den animaliarik txikiena da, bere tamaina 8 metro ingurukoa izanik. Nahiz eta txikiena izan, espezie hau bere familiako animaliarik bizkorrena eta baita hedatuena da. Zere txikia ezagutzeko, ezaugarririk nabarmenena hegats bakoitzean duen banda zuria da; honek kontraste handia egiten du bere kolore ilunarekin, eta honen bidez erraz ezagutu daiteke. Negu partean Bizkaiako golkoan aurkitu daitekeen espeziea da.
-

Balaenoptera borealis
Ipar-zerea ia mundu osoko itsasoetan bizi den balea da. Hala ere, Bizkaiko golkoan gutxitan ikus daiteke, noizbehinka hondartzetan aleren bat agertu izan den arren. Espezie hau XX. mendearen bigarren erdian ehizatua izan da, eta gaur egun arriskupean dago, babestua egonagatik ere.
-

Balaenoptera physalus
Zetazeo hau ozeano guztietan bizi da eta zereen familiako espezierik arruntena da gure inguruan, zere txikiarekin batera (Balaenoptera acutorostrata). Bizkaiko golkoan negu aldean ikus daiteke, eta espeziea oso ehizatua izan da. Hori dela eta zere arruntaren populazioen gainbehera handia gertatu da, eta Balea Batzordearen arabera 50.000 ale baino ez dira geratzen Atlantikoko iparraldean. Zere urdinaren (Balaenoptera musculus) ondoren, munduko bigarren ugaztun handiena da.
-

Barbastella barbastellus
Mundu mailan, hiru espezie baino ez dira Barbastella generoaren barruan sailkatzen (denak eurasiarrak), eta bakarra dugu Euskal Herrian: baso-saguzarra edo Barbastella barbastellus. Gainontzeko saguzarretatik erraz bereiz daiteke, oso iluna baita eta behealdera fusionatutako, muturreraino heltzen diren belarri txikiak baititu. Bi kume erdi ditzakeen Euskal Herriko espezie bakarra da.
-

Blanus cinereus
Oligoketo itxurako iberiar espezie endemiko hau izenez sugea bada ere, ebolutiboki ez da ofidioekin (sugeekin) batera sailkatzen, ez baitu ageri gertuko ahaidetasunik. Honela bada, lurpeko bizimodura doitzeko bidean gorputzadarrak galdutako narrasti talde ezberdin baten baitan sailkatzen da, Amphisbaenidae.
Ikuspuntu zoogeografiko batetik begiratu bat emanez gero, emigratzaile afrikar gisara hartzen da lurpeko sugea. Honen froga, Iberiar penintsula hegoaldeko Pleistozeno garaiko zenbait aztarnategitan aurkitu diren fosilak dira.

