Itsas dortoken artean dortokarik handiena da laut dortoka. Oskolarengatik da berezia, izan ere hezurrezkoa izan beharrean larruzkoa eta beltz kolorekoa da. Espezie hau ozeano guztietan agertzen da, noiz behinka Euskal Herriko kostetan ikusteko aukera izaten dugularik.
Phyluma: Chordata
-

Discoglossus galganoi
Apo pintatua Iberiar Penintsulako endemismoa dugu. Apo txikia da, 75 mm-koa gehienez eta azken urteetan, medio urtarraren degradazioa dela eta bere populazioek behera egin dute. Euskal Herrian, 1996. urtetik dago EAEko espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendatuta, ‘Bakana’ kategorian.
-

Discoglossus jeanneae
Iberiar penintsulako endemismoa dugu apotxo hau. Discoglossus galganoiren oso antzekoa da eta begi-bistaz ia bereiztezinak dira, biak bereizteko indize morfometriko zehatzak erabiltzen direlarik. Euskal Herrian Nafarroan baino ez dagoela uste da, eta bere agerpena hemen ere zalantzazkoa da edo egotekotan, iraungitze arriskuan legoke, 2007. urtean Aranzadik egindako behaketa batean oso ale gutxi topatu baitziren.
-

Dryocopus martius
Europako okiletan handiena da, Euskal Herrian aurki daitezkeen gainerako okilen tamainaren bikoitza baitu. Lumaje guztiz beltza du, burugain gorriarekin. Zuhaitz handi eta zahardun basoei loturiko espeziea da, eta Euskal Herrian du bere hegoaldeko muga, espezie kontinentala baita. Hegan doanean igortzen dituen soinuekin edo egurra zulatzean ateratzen duen zaratarekin identifika daiteke bere presentzia, eta baita zuhaitz handietan janari bila egiten dituen txikizioekin ere.
-

Eliomys quercinus
Begien inguruan kareta modura dituen orban beltzak ezugarri bereizgarriak dira animalia txiki eta polit honentzat. Ile zuri luzeekin amaitutako buztan luzea eta belarri garatuak ditu. Neguan ibernazio luzea egiten du eta hortik dator gaztelaniako “dormir más que un lirón” esaera. Gainera, leku beroetan bizi deneko kasutan, lehorteagatik janari eskasia badago, estibazioan sar daiteke, nahiz eta ez jaitsi jarduera ibernazioko milaraino.
-

Emberiza cia
Mendi-berdantza klima epeleko mendietan bizi da, baso ireki eta sastrakadietan. Euskal Herrian eremu zabala du, populazioa oso handia ez bada ere.
-

Emys orbicularis
Euskal Herrian baditugu ur gezako bi dortoka, ur gezakoak izanagatik apoarmatu izena jasotzen dutenak. Apoarmatu istilzalea 16 cm inguruko dortokatxoa dugu Arabako, Bizkaiako eta Nafarroako eremu jakinetan soilik agertzen dena. Nafarroako populazioak gainera, besteengatik morfologikoki bereizten dira oso horiak izateagatik, bai eztarri aldean eta baita bular-ezkutuan ere. Euskal Herriko apoarmatuek, hala ere, 70eko hamarkadaz geroztik Ameriketako senide batekin lehiatu behar dute, Floridako dortokarekin hain zuzen ere, animalia-dendetan saldu eta jendeak askatuta, izugarri zabaltzen ari dena.
-

Epidalea calamita
Apo lasterkaria tamaina ertaineko anurua dugu. Apo arrunta (Bufo bufo) baino txikixeagoa izaki, eta honek bezalako soin trinkoa eta bikorrez jantzitako larru zimurra ageri ditu, bere ezaugarririk bistakoena bizkarrean zehar duen lerro bertikal argia duelarik. Bufonido guztietan gertatzen den legez, apo lasterkariaren kasuan ere epidermi osoa guruin pozoitsuz hornitua ageri da. 1996. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendatuta, ‘Kaltebera’ kategoriaren baitan.
-

Eptesicus serotinus
Europa eta Asia erdialdean banaturik dagoen saguzar-espezie arrunta da baratze-saguzarra. Azken urteetan burutzen ari diren azterketa molekularren ondorioz, orain denbora gutxira arte espezie bakarraren barruan sailkatzen ziren saguzarrak bi espezie ezberdinei dagokiela zehaztu da. Dirudienez, Iberiar Penintsula hegoaldean eta Afrika iparraldeko populazioak Eptesicus isabellinus espezieari dagokie, gainerakoak, Euskal Herrikoak barne, E. serotinus espeziaren barruan mantendu diren bitartean.

