Lizar hostotxikia, lizar arruntaren antzeko espeziea da baina izenak dioen moduan, honek hosto estuagoak ditu, txikiagoak. Euskal Herrian ez da oso espezie arrunta eta soilik eskualde mediterranearrean aurki daiteke, berziki Nafarroan. Ibain ertzak eta ur ugariko inguruneak ditu gustuko eta bertan aurki dezakegu maiz, beste zenbait hostoerorkorrekin baso mistoak eratzen dituelarik.
Lizarra, Euskal Herrian begirune bereziko zuahaitza izan da aspaldidanik eta oraindik ere urtero San Juan egunean (udako solstizioan) lizar-adarrak ipintzen dira baserri eta etxeetako ateburuaren alde banatan, etxe-babesle gisa. Gainera, euskal toponimian eragin handiko zuhaitza izan da eta horren adierazle ditugu Lizardi, Lizarraga… bezalako abizenak, baita Lizarra herria bera ere.
Lizar loreduna EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan ‘Bakanak’ kategorian sailkatuta dagoen espeziea dugu eta modu naturalean, Arabako Badaia-Arrato mendizerran baino ez da aurkitzen. Gure latitudeetako beste lizarrek ez bezala, lizar honen loreek ondo garatutako lau petalo handi dituzte, izen arrunta ematen diotenak hain zuzen ere.
Arbustu arrunta 5 m-ko altuerara hel daitekeen zuhaixka submediterraneoa da. Hosto oposatuak eta infloreszentzia dentso zuriak ditu, eta azken ezaugarri honengatik, oso erabilia da apaingarri gisa eta heskaiak egiteko. Euskal Herri osoan naturalki hazten da, baina eskualde mediterraneoan ugariagoa da.