Ordena: Agaricales
-
Cortinarius orellanus
Oso perretxiko arriskutsua da, Amanita phalloides perretxikoaren antzeko intoxikazioak sortzen baititu. Gainera, pozoinak ez du efekturik perretxikoa jan denetik 12-13 egun pasa arte, gibelean eta giltzurrunetan nekrosiak sortuz. 50. hamarkadan perretxiko honek ehun heriotz baino gehiago eragin zituen Polonian; gaixotasunaren eragilea misterio bat izan zen 1952rarte, orduan konturatu baitziren gaixotasuna pairatutako guztiek Cortinarius orellanus perretxikoa jan izan zutela.
-
Cortinarius splendens
Toxizitate altuko perretxikoa sortzen duen onddoa da, sindrome orellanikoa eragiten baitu, eta hilgarria suerta daiteke. Hostozabalen basoetan garatu ohi ditu fruitu-gorputzak udazkenean. Beste hainbat espezie generokiderekin nahas daiteke; ondorioz, kontu handiz erabili beharreko perretxikoak dira Cortinarius generoko espezieenak.
-
Entoloma sinuatum
Entolomataceae familiako onddorik arriskutsuena da. Euskal Herriko intoxikazioen % 95a sortzen baitu. Batez ere Ilarrakarekin (Clytocibe nebularis) nahasten da. Onddo handi honetan kolore argiak dira nagusi, batez ere zuria. Hostozabalen argi gunetan zein bide hertzetan aurki daiteke uda bukaeratik udazkenera bitartean taldeak osatuz.
-
Galerina marginata
Tamainaz espezie txikia bada ere, daukan amatoxina kantitate altuak hilgarria bilakatzen du. Espezie hau besteengandik bereizteko ezaugarriak mamiaren hirina usaia, eta ezkatarik gabeko eraztuna dira.
-
Hygrocybe conica
Udazkenean mendietako zelai edo larreetan aurkitu daitekeen perretxiko honek oso itxura berezia du, izan ere, ingeleraz sorgin txapel deritzo, eta honek pileoari egiten dio erreferentzia, kono gorri bizia baitu hasieran gerora belzten delarik. Usain eta zapore oso ahulak dituen arren ez da jangarria, toxikotasun maila apala izan arren.
-
Hygrocybe pratensis
Perretxiko bilatzaileen artean Hygrophoraceae familiako perretxikurik preziatuena da. Hasieran txapela unbonatua izan arren, ondoren zapaldu egiten zaio. Herdoil edo okre kolorekoa izaten da orokorrean eta belardietan topa daiteke, gramineoekin mikorrizatzen baitu.
-
Hygrophorus marzuolus
Beste guztiak baino lehenago sortzen du perretxikoa onddo honek. Urtarrilaren azken egunetan hasten da eta apirilaren erdialdera arte irauten du. Koniferoen eta hostozabalen basoetan topa daiteke, silizeozko lurzoruetan batez ere. Txapelak, orokorrean, tonu gris-arrea du eta kutikula leuna da. Hanka motza eta lodia da, eta hasieran kolore zuria izan arren, ondoren oinarritik gora iluntzen hasten…
-
Hygrophorus russula
Ondo behatu aurretik Russula baten antz handia du perretxiko honek, baina bere mamia ez da Russulena bezain hauskorra eta xehatua. Higrophorusen artean EAEn oraingoz topatu ez den H. erubescensekin nahas daiteke, baina azken hau ezko gibelgorria ez bezala, koniferoen azpian ateratzen da. Gainera, tamainaz apur bat txikiagoa da. Ezko gibelgorria gure inguruetan gutxi ateratzen den arren, perretxiko jangarria da.
-
Laccaria amethystina
Euskal Herrian arrunta da. Kolore deigarria du, guztiz morea da, nahiz eta batzuetan esporen hauts zuriz estaliak agertu. Jangarria den arren, ez da batere preziatua eta txapela bakarrik erabiltzen da. Espezie toxikoekin nahas daitekeenez, kontu handiz ibili behar da identifikatzerako garaian.
-
Laccaria laccata
Baldintza klimatiko eta adinaren arabera formaz eta kolorez aldatzen duen espeziea dugu honako hau. Oraintsu arte Laccaria affinis izenaz ezagutu izan da. Hostozabal- eta konifero-basoetan hazten da abuztua eta azaroa artean.









