Ordena: Chiroptera
-
Rhinolophus ferrumequinum
Euskal Herriko ferra-saguzarren artean handiena da, izenak berak dioen bezala. Gainerako generokideetatik erraz bereiz daiteke tamainari begiratuta bakarrik, baina sudur-egitura ere bereizgarria da. Europako atlantiar kostatik Asiako Ozeano bareko kostaraino ezagutzen da espeziea eta Euskal Herrian oso espezie arrunta da. Kobazulotan gordetzen da normalean, baina lurpeko egitura artifizialetan (meategiak eta tunelak) ere ikusi ohi da.
-
Rhinolophus hipposideros
Euskal Herriko eta erregio paleartikoko ferra-saguzarren arteko txikiena da, izen arruntak dioen bezala. Euskal Herrian banaketa oso hedatua du eta kobazulo ugaritan aurki daitezke espezie honen koloniak. Gainerako ferra-saguzarren oso antzeko ezaugarri morfologikoak ditu, baina tamaina txikiak eta prozesu konektiboaren formak bereizgarri egiten du. Saguzar bakartia da eta maiz eraikinetan ezartzen ditu gordelekuak.
-
Tadarida teniotis
Euskal Herriko isurialde mediterranearrean aurki daitekeen saguzar hau Europako handienetariko bat da gau-saguzar handiarekin (Nyctalus lasiopterus) batera. Orain gutxi arte espezie arraroa zela uste zen arren, azken urteotako ikerketek mediterraneo inguruan nahiko ohikoa dela adierazi dute. Izan ere, irisgarritasun eskaseko inguruetan aurkitu ohi baita.


