Ordena: Eulipotyphla
-
Crocidura russula
Euskal Herriko satitsurik arruntenetariko bat da. Afrika iparraldean eta Europa mendebaldean hedaturik dago eta askotariko inguruneetan aurki daiteke, geruza belarkara garatua badago behintzat. Landa inguruneko herrixketan ere ohiko espeziea da, neguan eta altuera handienetan, batez ere.
-
Crocidura suaveolens
Euskal Herriko ipar isurialdera mugaturik dagoen satitsua da, satitsu arruntaren oso antzekoa, baina hori baino txikixeagoa, normalean. Paleartikoan oso hedaturik dago latitude ertainetan, eta banaketa Ozeano Atlantikotik Pazifikoraino hedatzen da. Askotariko inguruneetan aurki daiteke, baina leku heze xamarrak hobesten ditu.
-
Galemys pyrenaicus
Satorren familiako ugaztun txikia da muturluzea edo desmana. Gaur egun oso egoera larrian dago Euskal Herrian, oso ibai gutxi dira bere biziraupenerako baldintzak aurkezten dituztenak, eta ibai hauetan ere tarte txikitan. Bere kontserbaziorako ezer egin ezean desagertu egin daiteke.
-
Neomys anomalus
Ingurune urtarrei loturiko tamaina ertaineko ur-satitsu hau, ingurune mediterraneoetan ugariagoa izan arren, Euskal Herriko lurralde osoan aurki daiteke. Izaera iheskorra du eta ez da erraza izaten aurkitzea. Gure lurraldean antzekotasun morfologiko handier dune ur-satitsu hankazuria baino espezie arraroagoa da.
-
Neomys fodiens
Euskal Herriko ur-satitsurik arruntena eta ugariena da, naiz eta ez den erraza izaten animalia honekin topatzea. Ur-inguruneetan bizi da, erreka inguruetan, batez ere, eta gainerako satitsuak baino tamaina handiagoa du. Ezaugarri kraniometrikoak kontutan hartuta bi subespezie banatzen dira: N. fodiens fodiens eta N. fodiens niethammeri (Bühler 1996), eta bigarren hori da Euskal Herrian aurki daitekeena.
-
Sorex coronatus
Europa atlantiarrera mugaturiko espezie hau satitsu eurasiarraren (Sorex araneus) –Euskal Herrian ez dago- subespezie kontsideratu zen urte luzez, baina egun espezie kategoria esleitzen zaio. Sorex generoko gainerako satitsuen oso antzekoa da, baina hiru koloretako kolorazioak errazten du espezie hau identifikatu ahal izatea. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke Nafarroako Erriberan salbu.
-
Sorex minutus
Bere familiakoen artean txikiena, Euskal Herriko ugaztun ñimiñoenetarikoa da satitsu txikia. Generokideekin antzekotasun handia du, satitsu buztankarratuarekin batez ere, baina azken hori ez dago Euskal Herrian. Banaketa kontinental zabala duen espeziea da, eta gure ingurunean Nafarroako Erriberan salbu, gainerako lurralde guztian aurki daiteke.
-
Suncus etruscus
Munduko ugaztunik txikienetariko bat da, eta, dudarik gabe, Euskal Herrian aurki dezakegun txikiena eta arinena. Europan ingurune mediterraneoan aurki daiteke, baina espezie honen banaketa Asia hego-ekialdeko uharteetarino iristen da. Euskal Herrian isurialde mediterraneoan bizi da, eta gainerako satitsuak baino ingurune lehorragoetan bizitzeko gai da.
-
Talpa europaea
Lurpeko tunelak egitean zelaietan sortzen dituen lur-pilengatik da ezaguna satorra. Lurpean bizitzera guztiz moldaturiko espeziea da. Europa erdialdera mugaturiko espeziea da eta Euskal Herriaren hegoaldean du bere hegoaldeko muga. Euskal Herrian bi sator espezie daude, eta sator arrunta da bietan ugariena, sator itsuaren (Talpa occidentalis) banaketa Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik baitago.
-
Talpa occidentalis
Euskal Herriko bi sator espezieen artean ezezagunena da sator itxua. Gure lurraldearen mendebaldeko ertzean soilik topa daiteke, nahiz eta espeziearen banaketa ia Iberiar Penintsula guztian hedaturik dagoen, ipar-ekialdeko eremua salbu. Sator arrunta baino txikixeagoa da, eta hainbat urtez horren subespezietzat jo izan da; gaur egun, ordea, espezie kategoria esleitzen zaio. Ez da italiako sator itxuarekin…









