Ordena: Passeriformes
-
Certhia brachydactyla
Enborretan gora eta behera gelditu gabe eta ziztu bizian ibiltzen den hegazti txikia dugu gerri-txori arrunta. Basoez gain, hirietako eta herri handietako parkeetan ere ikus daiteke, baina bere kolorazioak ezkutuan ibiltzea bermatzen dionez, adi-adi ibili behar da bere saltotxo alaiak ikusteko.
-
Cettia cetti
Errekatxindorra, bere izenak dioen moduan, erreka inguruetan agertu ohi den txoria da, urretxindorraren antzeko itxura duena baina ez honek bezain kantu landua. Bere izen zientifikoa 18. mendeko naturalista baten omenez eman zitzaion, Francesco Cetti.
-
Cinclus cinclus
Europan aurki dezakegun Cinclus generoko espezie bakarra dugu hau. Ibai-ertzetan bizi da, ur gezetako ornogabez elikatzen baita, eta ibai eta erreken egoera onaren adierazle dela esan ohi da. Izan ere, uraren kutsadurak populazioen murrizketa edo iraungipen lokala eragiten du. Bere bularralde zuriari esker, ur-zozoa oso ezaguterraza den hegaztia da.
-
Cyanistes caeruleus
Amilotx urdina Euskal Herriko txori txikirik deigarrienetariko bat da. Kolore eta kantu deigarriak dituenez, erraza da mendian ikustea eta identifikatzea. Eurasia mendebebaldean bizi da, eta Euskal Herrian lurralde guztian aurki daiteke. Espainiar estatuan interes bereziko espezietzat jotzen da, pinu- eta eukaliptu-landaketen eraginez izan duen beherakadagatik, batik bat. Orain gutxi Parus generoan sailkatzen zen arren, azterketa genetikoen ondorioz,…



