Klasea: Aves
-
Caprimulgus europaeus
Enbor-azalarekin ederki kamuflatzen den hegazti txikia da zata arrunta. Oso hegalari abila da eta neguan Afrika hegoaldera migratzen du. Basoen argiuneetan bizi da eta intsektuez elikatzen da.
-
Certhia brachydactyla
Enborretan gora eta behera gelditu gabe eta ziztu bizian ibiltzen den hegazti txikia dugu gerri-txori arrunta. Basoez gain, hirietako eta herri handietako parkeetan ere ikus daiteke, baina bere kolorazioak ezkutuan ibiltzea bermatzen dionez, adi-adi ibili behar da bere saltotxo alaiak ikusteko.
-
Cettia cetti
Errekatxindorra, bere izenak dioen moduan, erreka inguruetan agertu ohi den txoria da, urretxindorraren antzeko itxura duena baina ez honek bezain kantu landua. Bere izen zientifikoa 18. mendeko naturalista baten omenez eman zitzaion, Francesco Cetti.
-
Ciconia nigra
Zikoin beltzak (edo amiamoko beltzak) ez du gurean habiarik egiten eta, hori dela eta, ez da zikoin zuria bezain ezaguna. Hala ere, migrazioan ehunka ale igarotzen dira Euskal Herritik. Agian, noizbehinka horren ezaguna zaigun zikoin zuriaren aldaera iluna ikusteak pizten digu arretarik handiena. Beraz, bidaian baino ikusten ez badugu ere, Euskal Herriko aniztasuna aberasten duen…
-
Cinclus cinclus
Europan aurki dezakegun Cinclus generoko espezie bakarra dugu hau. Ibai-ertzetan bizi da, ur gezetako ornogabez elikatzen baita, eta ibai eta erreken egoera onaren adierazle dela esan ohi da. Izan ere, uraren kutsadurak populazioen murrizketa edo iraungipen lokala eragiten du. Bere bularralde zuriari esker, ur-zozoa oso ezaguterraza den hegaztia da.
-
Circaetus gallicus
Landazabal ireki eta eguzkitsuak behar ditu hegazti honek, zuhaitz sakabanatuekin. Hegazti bikaina da, lertxun hauskarak adinako hego-zabalera lortzen du baina nabarmen lirainagoa da. Hegan doanean, hegoen azpialdeko lerro koloredunak nabarmentzen dira, eta soilik distantzia laburretara, arbel koloreko mokoa eta oinak. Pausatuta dagoenean bere buru handia eta begi hori handiak nabarmentzen dira.
-
Coracias garrulus
Hegazti honek haurren jostailu bati ematen dio izena. Izan ere, karrakaren kantuak, nota motz eta soinu gogorrekoak, jostailu honek ateratzen duen soinua gogorarazten baitu.
-
Coturnix coturnix
Galeperra laborantza-lurretan ederki kamuflatzen den hegaztia da. Espezie migratzailea da, neguan Afrikara joaten delarik. Hori dela eta, populazioek gorabehera handiak jasaten dituzte urtean zehar.
-
Cuculus canorus
Udaberriaren etorrera iragartzen duelako da, batez ere, kuku arrunta ezaguna. Baina badu ospea ematen dion beste ezaugarri bat ere: txitatze parasitoa da, hau da, beste espezie batzuen kabia eta bertako gurasoen zaintza erabiltzen ditu kukuak bere txitak hazteko.
-
Cyanistes caeruleus
Amilotx urdina Euskal Herriko txori txikirik deigarrienetariko bat da. Kolore eta kantu deigarriak dituenez, erraza da mendian ikustea eta identifikatzea. Eurasia mendebebaldean bizi da, eta Euskal Herrian lurralde guztian aurki daiteke. Espainiar estatuan interes bereziko espezietzat jotzen da, pinu- eta eukaliptu-landaketen eraginez izan duen beherakadagatik, batik bat. Orain gutxi Parus generoan sailkatzen zen arren, azterketa genetikoen ondorioz,…









